Froomeren ordagoa ikusten euskaldun ugari

Guaixe 2015ko uzt. 15a, 10:46

Sakandar ugari daude Tourreko Pirinioetako etapak jarraitzen

Atzo Tourrak Pirinioetara iritsi ziren. Ikuskizuna espero zen, baina ez Chris Froome liderrak eskainitakoaren tamainakoa. San Martin Harrian despeditzen zen etapan oso urrutitik jo zuen eraso gogorra Froomek, 6,5 kilometroren faltan, eta jota utzi zituen aurkari guztiak, zale guztiak harrituta utzi zituen igoera ikusgarrian. 1.04 minutura helmugaratu zen Nairo Quintana (Movistar), 2.51ra Alberto Contador eta 4.25era Vincenzo Nibali. Froome bera harrituta zegoen lortutakoarekin. Movistarreko Imanol Erbiti 123.a sartu zen, 21:34ra.

Tourreko etapa zuzenean ikustera milaka zale bertaratu zen Zuberoara, tartean sakandarrak. Primerako giroan, ikuskizun paregabea eskaini zuten zaleek ere. Batzuk autokarabanan, besteak oinez, edo bizikletan… eguzkiari eta bero izugarriari aurre eginez jarraitu zuten etapa.

Sailkapen orokorrean Chris Froome da liderra, 2:52ra Tejay van Garderen (BMC) eta 3.09ra Nairo Quintana (Movistar) dituela. Imanol Erviti 157.a da, 1:07:43ra. Gaur beste etapa mitikoa jokatuko dute, Pauen hasi eta Cauteretsen (3. maila) despedituko dena (188 km), tartean Mauvezin (3. maila), Aspin (lehen maila) eta Tourmalet mitikoa (kategoria berezia) gainditu eta gero. Froomek Tourrari ia kolpe erabakigarria eman eta gero, erasora pasatzea, ez dute besterik arerio zuzenek. Movistarreko Eusebio Unzué zuzendariaren esanetan atzokoa “mendiko 7 azterketen artean lehenengoa zen”. Gaineratu zuenez “Tourra zaila dago, baina ez ezinezkoa”. Ikusteko dago hori.