Gaztetxoak, haien gurasoak eta euskararekiko jarrera ikerketa gai

Guaixe 2015ko uzt. 15a, 19:52

Nafarroako Mendialdeko Euskara Zerbitzuek hura egiteko laguntza teknikoaren kontratazio deialdia egin dute. Lana aurten eta heldu den urtean egin beharko da.

Iparraldeko Euskara Mankomunitateko, Baztango Udaleko, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko, Malerrekako Mankomunitateko eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuek ikerketa soziolinguistiko bat egiteko laguntza teknikoa kontratatzeko deialdia egin dute. Haren bidez euskara zerbitzuetako hurrengo urteetako plangintzak behar bezala diseinatzeko beharrezkoa den informazioa lortu nahi da.

Ikerketaz
Bost Euskara Zerbitzuek, zehazki, Mendialdean gaztetxoen artean euskararen egoera zein den aztertu nahi dute. Horretarako, 12 eta 16 urte bitarteko gazte eskolatu guztiei (DBHko ikasleak) inkestak egin beharko dizkiete. Euskararen etxeko erabilera, sare sozialak, hedabideak eta Internet eta bestelako galderak egin beharko zaizkie. Inkestak ikastetxeetan egin beharko dituzte. Ikerketak hartzen duen eremu guztiak 97 gelatan banatutako 1.835 ikasle dira. Haietatik 38 ikasgeletan dauden 728 gazte sakandar daude.

Azterketa kuantitatibo horrekin batera kualitatiboa ere egin beharko dute ikertzaileek. Hausnarketa bideratzeko dinamika parte-hartzaileak erabili beharko dituzten 16 urtetik beherako seme-alabak dituzten guraso euskaldun eta erdaldunekin. Dinamika horietan, besteak beste, jorratu beharrekoak dira: euskara (ez) transmititzea; euskara ez erabiltzeak edo erabiltzeak sorrarazten dizkien sentipenak edota non, norekin eta zertarako erabiltzen (ez) duten euskara.

Deialdiaren xehetasunak
Kontratuaren prezioa 16.400 eurokoa izanen da bi urterako, BEZ barne. Kopuru hori gainditzen dituzten proposamen ekonomikoak baztertuak izanen dira. Kontratuaren hartzaileak aurten 6.900 euro jasoko ditu eta gainontzeko 9.500 euroak heldu den urtean. Interesa dutenek euren proposamenak Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako egoitzan irailaren 11ra arte aurkeztu ditzakete.