Mank-ek Jentilari buruzko inkesta egin du

Guaixe 2015ko uzt. 16a, 16:18

Sakandarrek irudiari zein erabilera emanen lioketen jakin nahi du ibarreko erakundeak.

S3DA, 3D animatika tailerrak Jentila pertsonaia oparitu zion Sakanako Mankomunitateari. Irudi hori Mank-ek orain arte behin bakarrik erabili du: alkateei udaletako energia diagnosia aurkezpenean; jentilak diapositibetako azalpenak eman zizkien alkateei. Mank-en argi dute ibarrerako irudi bat behar dela, baina opari gisa jasotakoa sakandarrendako egokia den eta Jentilari zein erabilera emanen lioketen jakin nahi du.

Horregatik, bere web orrian inkesta jarri du. Hiru galdera ditu inkestak. Lehenik Jentilaren pertsonaiari buruzko iritzia eskatzen du. Erabilera posibleez galdetzen du ondoren eta inkesta egin aurretik S3Dak egindako irudia ezagutzen ote zuten galdetzen da azkenik. Horrekin batera, izena edo ezizena eta herria aipatzea eskatzen da.