Bernoako galtzada berreskuratzen

Bernoako galtzada zati berriak argitara

Guaixe 2015ko uzt. 17a, 08:45

Boluntarioek eta auzolanean aritu direnak bi astetan Etxarri Aranatzen 300 metro galtzada azaleratutako dituzte, Bakaikun beste 200 bat metro, Iturmendin beste 400 bat eta Urdiainen, Intxusburu azpian, 250 bat metrotan galtzada nondik doan agerian utzi dute.

Iturmendiko eta Urdiaingo udalen auzolan deialdiari erantzunez, hiruzpalau iturmendiar, etxarriar, arbizuar eta hamar bat urdiaindar elkartu ziren. Haiekin batera atzerritik etorritako 7 emakume gazteak eta bi begiraleak aritu ziren. 10:00etatik 13:00ak bitartean Aitzkibil edo Ibarbeltz dermioen artean. Indarrak berreskuratzeko gosaria ere izan zuten. Nicolas Arbizuk galtzadari buruzko argibideak eman zizkien elkartu ziren guztiei.

Arbizurekin elkartu gara Bernoako galtzadaz gehiago jakiteko. Esan digunez Etxarriko galtzada zatia “oso suntsitua dago, herri handia izatean asko ibili da han”. Bakaikun azaleratutakoa “ederra” dela zehaztu digu, nahiz eta Etxarri aldeko Artasoro parajean hainbat zatitan oso hondatuta dagoen. Iturmendin galtzada “ongi kontserbatzen” dela adierazi digu, “bide paraleloak egin zituztelako”. Urdiainen Mariano Galartzak guztia azaleratu zuela gogorarazi digu. Arbizuk azaldu digunez, galtzada azalaraztearena“esker oneko lana da, egiten duzuna ikusten duzulako”.

Eta beste ezer baino lehen basora begira jarri gaitu eta gaztigatu digu gailurreria guztiko puntu baxuena Bernoa dela. Ondoren Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo etxeak begiratzeko eskatu digu. “Ez dituzte ez nekazariek ezta ganaduzaleek egin, merkatariek, mandazainek, baizik. Etxeak eta galtzadak horrela lotzen dira”.


Nicolas Arbizu Gabirondo
Tokiko historian aditua

Bernoako galtzada? Edo galtzadak?
Galtzada Ataundik etortzen zen. Galtzada-adar bana Urdiainen eta Iturmendin sartzen ziren. Santa Marinara igotzen ziren. Baina Iturmendikoaren adar bat Bakaikun Mandabita bidetik sartu eta Galtzadamakurretik, Mandakamiotik eta Artasorotik (artatxikia, mijoa) Etxarrira jotzen zuen. Sakanara paraleloa den ibarra da, Urdiaindik Etxarriraino doana.

Ameskoara joan nahi zutenek Iturmendiko galtzada hartzen zuten. Santa Marina azpian Iturmendi eta Urdiaingo galtzadek bat egiten dute. Baina Gesalaz eta Iruñera jo nahi bazuten Etxarriko Lazkozko portua igotzen zuten, Zunbeltz aldera jotzeko.

Daturik bada?
1744an, eta ondoren bizpahirutan, mandazain kofradiek galtzadak konpontzeko harginak kontratatu zituzten. Arruazu eta Urdiain arteko udalerrietako mandazainek ordaindu zituzten konponketak. Zituzten mandoen arabera ordaintzen zuten. Iturmendiarrak ziren gehien ordaintzen zutenak, 84 mando zituzten. Langile asko izanen ziren jarduera horren inguruan.

Lanean zer opatu duzue?
Bakaikun metro erdiko galtzada opatu dugu. Zaharra dela dirudi. Iturmendin, berriz, zaharberrituta dago eta 2,10 eta 2,20 metroko zabalera du. Modernoagoa da. Hobekien dagoen zatia Ataunera jaisten dena da. Markesaren basoa zen eta ez da mendeetan ikutu. Erdi Arokoa izanen da ziurrenik. Aiako zubi batera ateratzen da.

Noiztik erabiltzen dira bide horiek?
Gure gurasoek bide horiei erromatar galtzadak deitzen zieten. Galtzada nagusiak, Sakana zeharkatzen zuen Bordele eta Astorga artekoa esaterako, sei metroko zabalerakoa ziren eta haiek, bai, erromatarrak ziren, gurdiendako eginak. Baina gu azaleratzen ari garen galtzadak mandazainen ibilbideak ziren, ferra-galtzada izena dute, zaldiak eta, batez ere, mandoendako zirelako. Horretarako ez da bide handirik behar. Erdi Aroko bideak dira.

Baina hipotesiak egin daitezke: bide horiek historia aurrean ere erabiliak izan zitezkeen. Bai Santa Marinan bai Bernoan trikuharriak daude. Erromatarrak gero sartu ziren. Baina haien galtzadak zabalagoak ziren eta legionarioek egiten zituzten.

Hipotesi gehiago?
Itsas aldetik Donejakue bidea egiten zuten erromesek Bernoako galtzada erabili zezaketen ez dago zehazterik, oraingoz. Ezta, Oiasso (Irun) hiri erromatarra eta Bordele-Astorga galtzada lotura Sakanan egiten zenik. Hipotesiak baieztatu edo ezeztatzen dituen arkeologia lana egitea falta da.

Nolakoa da Bernoako galtzada?
Harri handiak bidearen ertzetan, harri xehea erdian eta toki batzuetan harriz egindako bizkar-hezur moduko bat. Errekako harriekin egindakoak dira.

Non bukatzen zuen galtzadak?
Pasaian eta Gipuzkoako portuetan. Horregatik, lotu nahi izan dugu galtzada eta San Joan baleontziaren berreskurapena, mandazainek erabiltzen zuten ibilbidea zelako. Itsas portuetatik Ameriketatik ekarritakoa garraiatzen zuten. Hasiera batean, bale-olioa, bakailaoa eta halako zerbait ekarriko zuten. Euskaldunek monopolioa zuten. Gerora, kakaoa, tabakoa, zura… Lizarraldeko ardoa eta aleak eta bertako ikatza Gipuzkoara eramanen zituzten. Merkataritzarako bideak ongi egotea ezinbestekoa zen.

Zerk ekarri zuen galtzaden gainbehera?
Gure gurasoek mandazainen bat ezagutu izan dute, Ameskoarako bidean asko ibiltzen ziren. XIX. mendean Lizarrustiko portua zabaldu zen. Mende bereko bukaeran, trenarekin, merkataritza asko galdu zen. Gainera, mende horretan, etengabe gerran izan ziren. Jendearendako oso gogorra izan zen. Gerrek lapurretak ugaritzea ekarri zuten eta segurtasunik gabe ezin merkataritzan jardun.

Bernoarako bidean Dos Pelos Errekalde toponimoa dago. Zer esan nahi du?
Rafael Carasatorre Bidaurre toponimorekin harritu zen. Bazekien ezizen hori zuen koronel bat zegoela, baina entziklopedietan Lizarran hila zela jartzen zuen (han atxilotu zuten). 1820an Kadizko konstituzioa ezarri zen. Fernando VII.aren aldeko erregezaleak armak hartu eta gerra hasi zen 1822an. Sebastian Fernandez, Dos Pelos, konstituzioaren aldekoa zen. Independentzia gerran gerrillari izana zen.

Nik Fernandezen eta 120 soldaduen heriotza-agiria erakutsi nion Carasatorreri. Bakarren bat Etxarrira ihes egitea lortu zuen baina beste denak Iturmendiko basoan fusilatu zituzten. Carasatorrerekin balak opatu genituen. Posta puskak ziren, gorputzean zulo handia egiten zutenak. Hobi komuna opatzea faltako litzateke. Heriotza-agirian jasotzen denez udalak basoan bertan lur eman ziela jasotzen da.

Eta Erregeren gurutza toponimoa?
Fusilamendua izan zen tokia da. Herritarrek ez zekiten han errege bat edo koronel bat hil zuten. Han desagertua dagoen gurutze bat zegoen. Gertaerak herrian eragina izan zuen eta toponimoa Ibarbeltz izatetik Erregen gurutza izatera pasa zen.

Galtzadak beste bitxikeriarik azaleratu du?
Gipuzkoan, Alegian, mandazain bat hil zen eta hil-agirian zehatz-mehatz haren Burundako janzkera azaltzen dute. Arropagatik bakarrik Burundakoa zela zekiten.