Sakana birziklatzean, puntan

Guaixe 2015ko uzt. 17a, 09:15

Mank-eo langileak hondakinak biltzen.

Beira, ontzi arin eta paper eta kartoi bilketan estatuko onenetakoa den Nafarroako bataz bestekoa gainditzen du.

Ecoembes enpresak emandako datuen arabera, Nafarroa beiraren birziklatzean 10 puntutan gainditu zuen Estatuko batez bestekoa, beirazko ontzien 24,4 kilo birziklatuz biztanleko (15.000 tona baino gehiago guztira). Balear Uharteak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren atzetik, Nafarroa hirugarren erkidegoa da beira birziklatzen. Sakanako Mankomunitateak martxoan jakinarazitako datuen arabera, sakandar bakoitzak 32,63 kilo beira birziklatzen zituen. Mank-etik azaldu zutenez, iglu itxurako edukiontzietan jasotako beiraren kopurua %4,14 hazi zen joan zen urtean; guztira 669.200 kilo jaso ziren.

Ontzi arinak
Enpresa berak jakinarazi zuenez, ontzi arinetan (plastikozko ontziak, latak eta brikak), 2014an, nafar bakoitzak 19,4 kilo sartu zuen batez beste edukiontzi horian. Sakanari dagokionez, sakandar bakoitzak birziklatutakoa 23,38 kilo ontzi arin izan ziren joan den urtean (479.525 kilo guztira). Mank-eko langileek 35.000 kilo gehiago jaso zituzten, baina ontzi arinak ez zirelako, birziklatzera eraman aurretik, Arbizuko hondakindegian kendu zituzten. Bildutako guztiaren %1,70 zen hori. Nafarroan edukiontzi horian gaizki sartutako hondakin-kopurua % 19,5 izan zen, aurreko urtean baino hiru puntu gutxiago eta Estatuko batez bestekoa baino hamar gutxiago. Nafarroa ontzi arinen birziklatzean estatuko buruan dago.  

Kartoizko eta paperezko ontziei dagokienez, 34,2 kilo utzi zituen nafar bakoitzak edukiontzi urdinean joan den urtean. Edukiontzi urdinetan gehien jasotzen zuen estatuko erkidegoa da Nafarroa. Mank-en datuen arabera, sakandar bakoitzak 48,98 kilo birziklatu genituen joan den urtean.

Aparatu elektriko eta elektronikoak
2013ko aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen gaikako bilketak gora egin zuen Nafarroan; 3,82 kilotara heldu zen biztanleko eta urteko. Estatuko datua, 3,2koa da. Sakandarrek hondakin mota horren 3,14 kilo pertsonako birziklatu genituen joan den urtean, aurrekoarekin alderatuz %5,71 hazkundea izanik. Legeak jarritako helburua biztanle urteko 4 kilo dira.

Nora bota zer?
Mank-en web orrian argibide guztiak.