Enplegua hobetzen laguntzeko zerbitzua gurean

Guaixe 2015ko uzt. 17a, 10:16

Sakanako Enpresarien Elkartearen bilera bat.

Sakanako Enpresarien Elkarteak zerbitzu berria eskainiko du: Sakanan enplegua hobetzeko bitartekaritza eta orientazio zerbitzua.

Sakanako Enpresarien Elkarteak (SEE) langile bat kontratatu du zerbitzu berria eskaintzeko: enplegua hobetzeko bitartekaritza eta orientazio zerbitzua. Ibarreko langabetuei eta euren lana hobetu nahi dutenei orientazio eta bitartekaritza zerbitzua eskaintzen die elkarteak.Nafarroako Gobernuak emadako 9.062,12 euro diru-laguntzarkein egin du kontratazioa SEEk eta abendura bitartean bermatu ahal izango du aipatu zerbitzua. Asmoa, baliabideak egonez gero, zerbitzuarekin jarraitzea litzateke.

Enpresen eskaera eta langabetuen eskaintza bateratu
Zerbitzuaren helburu nagusia Sakanako bizilagunen enplegua hobetzea da. Horretarako orientazio eta bitartekaritza zerbitzua eskainiko du SEE-k, zerbitzura jotzen dutenen egoera aztertu eta lan merkatuan sartzea ahalbideratzeko, beti ere ibarraren ezaugarri sozioekonomikoak kontuan hartuta. Helburua garrantzitsua da SEE-rendako, Sakanak duen langabetasun tasa altua dela kontuan hartuta. Zerbitzu honekin, Sakanako langabeak eta elkarteko enpresek dituzten enplegu eskaintzak bateratzen saiatuko da SEE, enpresen beharretara egokitzen diren langabeei prestakuntza ibilbideak eskainiz.

Izan ere, SEE bere enpresek dituen beharren jakitun da, eta lan bila dabiltzan profil ezberdinetako pertsonen curriculum vitae datu base zabala dauka. Horretaz aparte, SEEko Giza Baliabideen arloak esperientzia zabala dauka enpresei langileak kontratatzeko hautapen-prozesuak egiten. 2014an, esaterako, 40 hautapen-prozesu inguru egin zituzten.

Zerbitzu berrian ondoko kolektiboek izanen dute lehentasuna: 30 urtetik beherakoak, 50 urtetik gorakoak, emakumeak eta iraupen luzeko langabetuak. Banakako jarraipena eginen zaie, norberaren araberako interesak eta lan aukerak aztertzeko. Horretaz gain, enpresekin harremanetan jartzen saiatuko da zerbitzua, lan kontratazioak lortzeko asmoarekin.

Prestakuntza
SEEren beste oinarri garrantzitsua langileen prestakuntza da. 2009tik makina bat ikastaro antolatu ditu, enpresek eskatuta. 2014an, esaterako, elkarteak antolatutako 40 ikastarotan 30 enpresa baino gehiagok eta 250 ikaslek hartu zuten parte. Bestalde, langileendako eta langabetuendako antolatutako ikastaro irekietan 2014an 141 pertsonek hartu zuten parte eskainitako 8 ikastaroetan.

Sakanako Enpresarien Elkartea
Arbizuko Utzugane gunea (948 468 307)