Guaixe.eus-eko Komunitatea azokan

Guaixe 2015ko uzt. 22a, 08:10

Sakandarrek Komunitatearen bidez www.guaixe.eus atarian parte hartzeko aukera dute. Horren berri emateko asteazkenero, 11:00etatik 13:00etara, Altsasuko azokan azalpenak ematen ditugu

www.guaixe.eus berritzearekin batera sakandarren parte hartzea sustatzeko tresna gehitu genion: Komunitatea. Sakandarren arteko hartu-emana sustatzeko bide bat da. Komunitatean edozein sakandarrek, erakunde eta taldek bere leihoa du. Hartan idatziak, argazkiak edota galeriak igo eta ibarreko jendearekin partekatu ditzake. Sakandarrendako informazioa, entretenimendua eta komunikazioa, sakandarrek beraiek sortuak, guztia euskaraz. Sakanako euskaradunetik euskaradunera, elkarrekin ahaldunduz.

Komunitatea zer den eta kide nola egin azaltzeko Bierrik fundazioko langileak garileko azken hiru asteazkenetan Altsasuko azokan izanen gara, liburutegiko estalpean. Komunitatearekin interesa duenak eta hura ezagutu nahi dutenak hurbiltzea besterik ez dute. Ezagutzen ez dutenendako web orria bera ezagutzeko aukera aparta ere bada. Guztia anfitrioi baten eskutik.

Gonbitea

Oinetako, arropa, fruta, barazki, etxe tresnak eta bestelakoen artean gaur eta hurrengo asteazkenean Altsasuko azokan Guaixe.eus-en eskaintza freskoa izanen da. Bierrik fundazioko kideak azokara joanen dira eta interesa duen guztiari Komunitatea ezagutu eta bertako kide egiteko aukera emanen dio. Sakandarrek edo ibarreko taldeek eta erakundeek euren profilak sortu eta, haren bidez, euren argazkiak, argazki galeriak, testuak, bideoak eta audioak partekatu ditzakete. Gainera, iruzkinak egiteko aukera ere ematen du.

Sakandar euskaldunok, euskaraz bizi garenok, bizi nahi dugunok euskarazko komunikabideak behar ditugu: gure berri izan eta zabaltzeko; gure existentzia, bizitasuna, bizinahia, bizipenak eta bizipozak konpartitzeko; komunikatuta bizi eta komunitate izateko. Sakanako euskaradunen komunitatea trinkotu, saretu eta indartzeko tresna Guaixe.eus eta bere Komunitatea. Gure hizkuntzan bizitzeko espazioa eta unea eskaintzen du.

Gainera, Aztiker etxeak egindako ikerketak erakusten dutenez, Guaixeren eragina ez da Sakanako euskarazko komunitatera mugatzen, erdaldunengan ere eragin positiboa du, euskarara hurbiltzeko motibazioa izan daiteke. Eginez eta eraginez euskaraz biziko den herria eta ibarra lortuko dugu horrela. Auzolanean eta elkarlanean. Azken Korrikaren leloa gogoa ekarriz, ahaldundu gaitezen.  

Egutegia

Garilak 22 eta garilak 29, 11:00etatik 13:00etara. 

Informazio gehiago: www.guaixe.eus/info/komunitatea