Mank-ek hondakin teknikaria kontratatuko du

Guaixe 2015eko uztailaren 23a

Deialdia aurten egin nahi du. Bestalde, 50 edukiontzi erosiko ditu.

Sakanako Mankomunitateak batzarra eginen du gaur. Aurreko legegintzaldiko batzarkideak atzenekoz elkartuko dira azken erabakiak hartzeko. Joan den urteko diru-kontuak ixtearekin batera, 50 edukiontzi erosteko diru-sailari oniritzia emango diote. Azken hilabeteetan erreak izan diren edukiontziak ordezkatuko dituzte. Erosketa horretara 15.000 euro bideratuko ditu Mank-ek.

Plantilla organikoan ere aldaketak onartuko dituzte batzarkideek. Hondakinen teknikari lanpostua sortuko da eta bere egitekoa hondakinen alor guztia kudeatzea izanen da. Orain arte Mank-ek hiru hezitzaile ditu. Egungo lehendakari Aitor Karasatorre Muguruzak esan digu oposizioa aurten deitu nahiko luketela. Bestalde, plantillan idazkari-kontu-hartzaile lanpostua sortu da eta Cristina Ziaurrizek bete du. Horrekin batera, irailetik Mank-en kudeaketa lana egin duen Natalia Razkin administrari lanpostura bueltatu da.

Batzar berria

Udal berriak osatuta, Mank-eko batzar berria iraila hasieran osatzea aurreikusten du Karasatorrek.