Aralarko aingeruak bere lagun berriak ezagutu ditu

Guaixe 2015ko uzt. 21a, 18:50

Igandean Aralarko santutegian jendetza elkartu zen. Guraso, aitona-amona, birramonaren bat, lehengusu-lehengusinak… Guztiek euren gertuko haurrak Aralarko aingeruaren lagun egiterakoan lekuko izan nahi zuten. Aralarrekin duten loturaren luzapena, transmisioa ikusten baitute txikiengan.

Hala izan zen Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak antolatutako aurkezpenean. 12. edizioa izan zen igandekoa eta 51 haur aurkeztu zizkioten aingeruari. San Migelen lagun izendapena eta haren bizi guztirako babesa eskatu zuten txikiendako haien gertukoek. Eta horren ziurtagiria pergamino moduan jaso zuten aldez aurretik izena emanda zuten 32 aurrek. Gainontzeko 19ek agorrilaren 2tik aurrera jaso beharko dute santutegian.