Nola ez aprobetxatu Guaixek eskaintzen digun aukera hau, Euskal Herri osoan egiten ari diren eraso sexisten aurkako kanpainari gure ekarpena emateko!
Nahiz eta egunerokoak izan, guztiok entzuten ari zaretenez, festetan ere gertatzen diren eta gertatzen ari diren eraso sexistez hitz egin nahi dugu: batzuk oso nabariak dira, beste batzuk ia oharkabeak, gure kulturarekin oso-oso loturik baitaude.
Jaiak dira kulturaren adierazpen handienetariko bat, eta horrexegatik gure errealitatearen adierazpena ere: egun gutxi batzuetan kondentsaturik agertzen dira ohiturak, erritoak, emozioak… eta euforia. Honekin batera, eta erremediorik jartzen ez badugu, sortzen da indarkeria sexista: irain bat, begirada edo piropo zikin bat, ipurdian jotzea, ukitzea….bortxatzearen saiakerara iritsi arte edo bortxaketara.
Hau dena gure errealitatearen zatia da, emakumeen desbalorizazioa bulkatzen duten sinismen eta baloreak erakusten dituena. Beraz, indarkeria sexistarekin bukatu nahi badugu, gure kultura eta jendarte (emakumeen eta gizonen) harremanak aldatu behar ditugu, matxismoa ez errepikatzeko. Eta hau guztion ardura da; ezinbestekoa dugu denon konpromisoa.
Bi ildotan lan egin behar dugu: alde batetik, gizonek eta mutilek eraso sexistak ez egitea, eta besteek egindakoak ez ukatzea; eta, beste aldetik, emakumeok beldurrik gabe eta nahi duguna eginez bizitzea.
Helburu hauekin Altsasuko Udalak kanpaina bat martxan jarri nahi du. Baina lehen esandakoarekin batera, arrakastatsua izateko guztion parte-hartzea eta konpromisoa behar da: emakumeena, gizonena, talde sozialena, koadrilena… guztiona, ‘eraso sexisten kontra’, ‘ezetza, beti ezetz’, ‘festak errespetuz eta berdintasunean bizi’ leloak jaietan (eta urte osoan) praktikan jartzeko.