Munarriz 9.a eta Katarain 12.a Collaradan

Guaixe 2015ko uzt. 22a, 13:06

Aritz Munarriz.

Huescako kilometro bertikal bikoitzean maila bikaina eman zuten sakandarrek

Igandean Huescako Villanua herriak 2KV Collarada mendi lasterketa antolatu zuen. Proba ikusgarria zen, kilometro bertikal bikoitza, Pirinioetako paraje zoragarrietan jokatutakoa. A ibilbidean Collarada igo eta jaitsi behar zuten korrikalariek (17 km), eta B ibilbidean Collarada igo (8,5 km). 8,5 kilometroko tarte horretan 2.016 metroko desnibel positiboa zuten aurrez-aurre korrikalariek.

Collarada igo eta jaisteko proban 100 korrikalari pasatxo lehiatu ziren. David Prades (2:09:06) eta Maider Fraile (2:56:40) izan ziren azkarrenak. Aritz Munarriz etxarriarra izan zen lehen sakandarra, helmugan bederatzigarrena (2:24:35), 8. eta 7. postuetatik oso segundo eskasera. Minutu gutxira sartu zen Beñat Katarain lakuntzarra, 12. postuan (2:30:49). Collarada igotzeko proban Ferran Teixido (1:24:14) eta Miren Otzerinjauregi (1:54:49) nagusitu ziren. Iraitz Senar 32.a sailkatu zen (1:57:01).