Gaur iritsiko da Sakanara AHTren kontrako bizikleta martxa

Guaixe 2015ko uzt. 29a, 08:02

Mugitu! desobedientzia mugimenduak antolatuta larunbatean hasi zen AHTren aurkako III. Bizikleta-Martxa desobeditzailea. Larunbata bitartean, zortzi egunetan, Lurraren alde bizi-bizi leloa zabalduko dute Castejon eta Gasteiz artean. Mugitu!-k sustatutako tropela asteazkenean sartuko da Aizkorbetik Sakanara eta ostegunean Altsasutik utziko du ibarra. Martxarekin batera, hitzaldiak antolatu ditu Mugitu!-k Sakanan.

Antolatzaileek pedal kolpeka “AHTren zentzugabekeriazko egitasmoaren salaketa” eginen dute; “lurraren suntsiketa, gizarte ezberdinkeria eta egun beharrezkoak diren premia ekonomikoen xahuketa ekartzen dituelako”. AHT bezala, fracking, errausketa edota autopista elektriko egitasmoak “finean lurra suntsitzen duen eta dirua bizitza sozialaren erdigunean jartzen duen egungo eredu kapitalista eta jasanezinaren isla dira”. Horren aurrean, “borrokatu eta, jadanik hasita dauden bide berriei ekinen diegu, eraldaketarako bidea desobedientzia izanik”.

AHTri dagokionez, proiektuak “porrot” egin duela salatu dute Mugitu!tik: “milioiak xahutzen ditu eta oinarrizko beharrizan sozialetara bideratu beharko liratekeen partidak murriztu beharra dakar, kalte itzela eraginez gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan”. AHT bideragarria ez dela eta gizartearendako inolako onurarik ez dakarrela nabarmendu dute. Horregatik, lehenbailehen lanak gelditzea eskatu dute.

Egitaraua
Garilak 29, asteazkena. Arazuri-Irurtzun-Etxarri Aranatz
9:30ean Arazuritik abiatzea.
13:30ean Bazkaria Irurtzungo Pikuxar elkartean.
17:00etan Irurtzundik abiatu.
19:00etan Etxarri Aranatzera iritsi.
20:00etan Mahai-ingurua kultur etxean: Merkatu alternatiboa ala alternatiba merkatuari? Hizlariak: Galdakaoko komunala, Kataluniako kooperatiba integralak, Lakabe eta Errekaleor.

Garilak 30, osteguna. Etxarri Aranatz-Altsasu-Langraitz(trenez)-Gopegi
9:30ean Etxarri Aranaztik abiatzea.
11:00etan Altsasun porlandegiko errauskailuaren inguruko solasaldia 3 Mugak Batera plataformak emanik
17:18an Altsasuko apeaderotik trena Langraitzeraino.
18:02an Langraitzetik, bizikletan, Gopegiruntz abiatzea.
20:30ean Gopegira iristea.
22:30ean Kontzertua D’ Capricho Kubako taldearekin.