Rural Kutxako Cristian Rodriguezek irabazi du Leongo Itzulia

Guaixe 2015ko uzt. 28a, 11:30

Txirrindulari andaluziarrak denboraldiko 18. garaipena eman dio Rural Kutxari

Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Cristian Rodriguezek Leongo Itzuliko 23 urtez azpiko proba irabazi zuen larunbatean, 5 etapako proba gogorra. Andaluziarrak denboraldiko 18. garaipena eman dio talde sakandarrari. Azkeneko etapan, 15 km-ko erlojupekoan, lidergoari eusteko arazorik ez zuen izan Rodriguezek.

“Poz handia ematen digu honek. Orain arte itzulietan ongi genbiltzan, baina itzuli bat irabaztea falta zitzaigun. Bidasoan gertu egon ginen eta azkenik Leonen lortu dugu. Talde guztia bikain egon da. Cristianek sailkapen orokorra eta etapa bat irabazi ditu, Carlosek beste bat eta gainontzeko taldekideak ere primeran aritu dira” adierazi du Rural Kutxako zuzendari Alberto Mazkiaran altsasuarrak.

Bestalde, aipatzekoa da Sakanatik sortutako Rural Kutxa talde profesionaleko Angel Madrazok irabazi zuela larunbatean jokatutako Ordiziako Klasikoa, Movistarreko Jon Izagirrerekin eta bere taldekide Amets Txurrukarekin lehia estua izan eta gero.