Aragoi aldean izan naiz egun hauetan, Uesca hirian, hantxe kongresu interesgarri bat egin baita desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen inguruan. Kongresuaren izena bera aragoieraz idatzita zegoen: XXIV Congreso de Luengas e Culturas Europeyas Menazatas.
Sakandarra naiz amaren partetik, baina Aragoira joaten naizen bakoitzean nire arima aragoiarra esnatzen zait beti, aitaren aldetik hangoa ere bainaiz. Bestalde, hizkuntza txiki bateko hiztuna naizenez gero, hizkuntza txikiak maite ditut, Aragoiko Pirinioan oraindik bizirik dirauen hori bezala.
Kongresua Europako Hizkuntza eta Kultura Mehatxatuen Elkarteak (frantsesez ALCEM) antolatu du Aragoiko O Consello d’a Fabla-ren eskutik. Hauek gure “Euskaltzaindia“-ren antzekoak dira, hantxe akademiari consello eta aragoierari fabla deitzen baitiete.
Kongresuan irakasle eta aditu ospetsuak egon dira. Haien artean Suitzako Michael Metzeltin filologo eta hizkuntzalaria, Sardiniako Diegu Corraine irakasle, itzultzaile eta toponimian aditua, Eskoziako Marsaili McLeod Gaelikoan eta Hizkuntz Zeltikoetan doktorea, Aragoiko Francho Nagore hizkuntzalaria, irakaslea eta idazlea, Chusé Inazio Nabarro Consello-ko lehendakaria eta olerkaria, eta, besteak beste, Euskal Herriko Patxi Baztarrika hizkuntzalaria eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea.
Ospe handiko izenak izan badira, izen haien ekarpenak ere ez dira txikiak izan. Metzeltin suitzarra, MacLeod eskoziarra, Corraine sardoa eta Baztarrika euskalduna bat etorri dira esatean hizkuntzak ez direla komunikatzeko tresna hutsak, beste zerbait gehiago ere badirela: norbanako eta herri bezala, gure nortasunaren eraikitzaile nagusiak. Erkidego baten partaide eta kide egiten gaituzte, eta komunitate horren memoriaren, historiaren eta altxor inmaterialaren jabe ere bai. Gure fantasiak, gure errealitatea, gure nahiak, gure oroitzapenak, gure barruan dagoen guztia azaleratzeko baliagarriak dira.
Corraine irakasleak hitzaldian aipatu zuenez, bere herriko lagun askok herria biziki maite dutela esan arren, ez dute sardoa ikasteko edota erabiltzeko beharrik ikusten, alegia, sardiniarrak izan daitezkeela, berdin-berdin, italieraz mintzatzen. Eta zenbaitetan esaten diote: “Irlandan independentzia lortu zuten arren, inork gutxik egiten du gaelikoz... hizkuntza ez da beharrezkoa herria maitatzeko.“
Corrainek ez du hala uste. Berarentzat, irlandar anglofono horiek kolonizatuta daude oraindik ere. Ezin dute beren arbasoen mezua ulertu eta ingelesena dute buruan. Sardiniera gabe, Sardinia maita daiteke arrotz baten moduan, burmuinak eta bihotzak gutxiesten gaituztenen modura pentsatzen eta sentitzen ohitu direlako. Oskorrik Xabier Amurizaren hitzez kantatu zuen antzera, ez al dakite sardiniera dela sardiniar egiten dituenak?