AHTren kontra bizikletan

Guaixe 2015ko uzt. 30a, 17:31
AHTren kontrako bizikleta martxak Sakanako ibilbidea Altsasun despeditu du.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako 3. bizikleta martxa Sakana zeharkatu du atzo eta gaur.

Larunbatean Castejonen abiatu zen bizikleta martxa. Mugitu! mugimenduak antolatuta. Haren kide den Julio Villanuevak esan digunez, tropelak Castejon eta Alesbes artean egindako lanak ikusi zituen, “sekulako txikizioa. Tarte hori bukatuko dute. Espero dezagun horrekin bukatzea Nafarroan egiteko asmoa duten proiektua”. Nafarroako egitasmoaz Villanuevak adierazi digunez, “ikusten ari gara urteen poderioz euren proiektua pikutara joaten ari zaiela. Cortes-Sakana proiektua Castejon-Arrizabalaga artekoan gelditu da. Guztiz zentzugabeak diren 65 km”. Tarte horrek ez iparraldean ez hegoaldean inongo loturarik ez duela gaztigatu digu. Horregatik, AHTren kontrakoek “zentzugabekeria” gelditzea espero dute.

Iruñaren eta Gasteizen arteko AHTko lotura Sakanan barna eginen litzateke. Egitasmo horren inguruan Villanuevak gaztigatu digu “momentuz aparkatuta dute. Adifi ez zaio batere interesatzen, ez du lehentasunezkoa jotzen”. Hark argitu digunez Zaragoza-Cortes eta Iruña-Gasteiz tarteetan egungo trenbidean hirugarren erraila jarriko lukete.

Mugitu!-ko kidea Nafarroako Gobernu berria eratzeko lortutako akordioarekin “nahiko kritiko” azaldu da. “Anbiguotasun kalkulatua dago. Ez da inolaz ere esaten lanak geldituko dituztenik. Aldiz, ate bat zabaltzen du, edozein momentutan, agian, PSNrekin bat egin eta Nafarroako korridoreari argi berdea emateko”. AHTren euskal Y-ren lanen aurrekontu erdia oraindik inbertitzeko dagoela eta lanak gelditzeko garaiz daudela uste dute Mugitu!-n.

Sakanan
Oskiako harratetik sartu zen Mugitu!-k antolatutako martxan Sakanan atzo. Arazuritik abiatuak ziren eta Irurtzungo Pikuxarren bazkaltzeko geldialdia egin zuten. Martxako kide batzuek batzarra egin zuten eta beste batzuek Aralarko santutegirako bidea hartu zuten. Lainopean, 17:00ak aldera, Etxarri Aranatzerantz abiatu zen. Behin Etxarrin
merkatu alternatiboa edo alternatiba merkatuari izeneko mahai inguruan parte hartu zuten. Galdakaoko Komunala, Kataluniako kooperatiba integrala, Lakabe eta Errekaleorren esperientzien berri ezagutu zuten.

Gaur Etxarri eta Altsasu arteko bidea egin du tropel desobeditzaileak. Ohi dutenez, pasatzen diren herrietan AHTren kontrako mezua zabaldu dute. Altsasura iristean herrian barna itzulia egin eta plazan elkartu ziren, Foruzaingoa gertu zutela. Tropeleko kideek pasatzen diren inguruetako ingurumen gatazkei buruzko informazioa ere jasotzen dute. Altsasuko gaztetxean 3 Mugak Batera plataformako kideek Olatzagutiko porlandegiaren errausteko egitasmoaren zehaztasunak eman dizkiete. Ondoren, bazkaldu eta trenez Arabako bidea hartu du tropelak.