Iban Resano, Euskal Herriko 3. Mailako finalera

Guaixe 2015ko abu. 31a, 09:30
Iban Resano, Euskal Herriko 3. mailako Txapelketako kanporaketan. Argazkia: Juan Carlos Irigoien.

Goizeder Beltza ez da sailkatu

Abuztuaren 23an Euskal Herriko 3. Mailako Aizkora Txapelketaren bigarren kanporaketa jokatu zen Gorritin. 12 aizkolari lehiatu ziren eta lau kanaerdiko erdibitu behar izan zituzten. Julen Alberdi gipuzkoarrak eta Iban Resano dorrobarrak lehia bikaina eskaini zuten eta ikuskizun paregabea eskaini zieten aizkora zaleei. Azkenean, bi segundo eskasengatik Julen Alberdi nagusitu zen (9:46). Iban Resano bigarrena izan zen (9:48) eta Eloy Corchero arabarra hirugarrena (10:10). Hirurek finalerako sailkatzea lortu zuten.

Aurretik, abuztuaren 11n, lehen kanporaketa hartu zuen Leitzak. 11 aizkolari lehiatu ziren, Goizeder Beltza etxarriarra tartean. Xabier Orbegozo (7:39), Oier Kañamares (10:32) eta Eneko Saralegi (11:11) izan ziren onenak, eta finalerako sailkatzea lortu zuten. Tamalez, Goizeder Beltza finaletik kanpo geratu zen, bosgarrena sailkatu baitzen (11:41).

Hortaz, eta bi kanporaketak kontuan hartuta, ondoko sei aizkolariek jokatuko dute Euskal Herriko 3. Mailako finala: Julen Alberdik, Iban Resanok, Eloy Corcherok, Xabier Orbegozok, Oier Kañamaresek eta Eneko Saralegik.

Lakuntzan 2. mailako kanporaketa
Lakuntzako festetan Euskal Herriko 2. Mailako Txapelketako kanporaketa jokatu zen. 12 aizkolari lehiatu ziren eta ez zegoen sakandarrik. Hiru kanaerdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituzten eta sei azkarrenek finalerako txartela lortu zuten: Iker Vicentek (16:02), Ruben Saralegik (16:17), Jesus Mari Mujikak (16:38), Luis Txapartegik (16:39), Aratz Mugertzak (16:54) eta Arkaitz Jauregik (17:26).

Agirre Nafarroako 3. Mailako Txapelketan
Abuztuaren 15ean Nafarroako 3. Mailako Aizkora Txapelketaren finala hartu zuen Ezkurrak. 5 aizkolari lehiatu ziren, eta Arostegiko Oier Kañamares (7:45) eta Zigako Joxean Etxeberria (8:56) izan ziren finenak. Josu Agirre arbizuarra bosgarrena sailkatu zen (13:57).