45 neska-mutikok hartu zuten parte 3x3 Futbol plazan, Etxarrin

Guaixe 2015ko ira. 1a, 09:42

Lagun Artea eta No To Relax taldeak izan ziren garaileak

Osasuna fundazioak La Morea eta Lacturaleren laguntzarekin antolatutako 11. 3x3 Futbol Plaza txapelketako saio bat hartu zuen Etxarri Aranatzek agorrilaren 4an, Etxarriko festetan hain zuzen. Bi mailatan jokatu zen: 8-10 urte bitartekoan eta 11-12 urte bitartekoan. 8-10 urteko mailan Lakuntzako Lagun Artea taldeak irabazi zuen, Gorka Senar, Egoitz Goñi eta Alain Razkin jokalariek osatutako taldea, hain zuzen. Bigarren kategorian No To Relax taldea gailendu zen, Migel Muñoz, Mario Gonzalez eta Martin Garcia jokalariek osatutakoa. Irabazleek igandean La Morean jokatutako final handian aritzeko txartela lortu zuten.
Etxarri Aranatzez gain, aipatu txapelketako saioak Zangozan, Azkoienen, Villafrancan, Martzillan, Leitzan, Lesakan, Sartagudan, Bianan, Sesman, Lodsan eta Noainen jokatu dira. Guztira 500 neska-mutiko lehiatu dira 3x3 Futbol Plaza Torneoan. Igandean La Morean jokatutako final handietan Bianako bi taldeak gailendu ziren. 8-10 urteko kategorian Bianako Trio Estellica taldeak irabazi zuen eta 11-12 urteko mailan Bianako O.K.E. Boys taldeak.