Arantzazu Larrañaga bigarren emakumea Valle de Tena Trailean

Guaixe 2015ko ira. 2a, 10:33
Arantzazu Larrañagak eta Patxi Rubiok Valle de Tena Pirinioetako Trail gogorra osatu zuten.

Pirinioetako proba gogorra (78 km, 6.700 desnibel +) osatzeko 19 ordu pasa behar izan zituen

Asteburu honetan jokatu da, Pirinioetan, Valle de Tena Trail gogor eta ezaguna. Probak 78 km zituen, 6.700 metroko desnibel positiboarekin. Panticosatik atera ziren korrikalariak, eta proba osatzeko 32 orduko muga zuten. Besteak beste, Collado Piniecho, Garmo Negro (punturik altuena, 3.064 m), Collado Tebarray, Collado Musales, Collado Foratata eta Mirador Sierra Plana gainditu behar izan zituzten korrikalariek, paraje zoragarri eta ikusgarrietatik barna, atzera ere Panticosan bukatzeko.

203 korrikalarik hartu zuten irteera eta horietatik 128 iritsi ziren helmugara, Kiko Navarro (13:52:39) buru zela. Arantzazu Larrañaga eta Patxi Rubio uhartearrek lan bikaina egin zuten. 19 ordu pasa behar izan zituzten. Arantzazu 56.a iritsi zen helmugara (19:16:15) eta Patxi 59.a (19:16:36). Arantzazu probako bigarren emakumea izan zen, Nerea Martinezen atzetik (17:50:14).