Triatleta gazteak bikain

Guaixe 2015ko ira. 3a, 12:13
Udako Sakanako Triatloi Campusean trebatu ziren neska-mutikoak.

Alain Razkin eta Egoi Lakuntza garaile izan ziren Arangurenen eta Unai Villalobos Trizurkon

Agorrilaren 23an 13. Arangurengo Triatloia jokatu zen. Sakana Triatloi Taldekoak ongi ibili ziren. Aurre benjamin mailan Alain Razkin lakuntzarra gailendu zen, bere taldekide Ekain Imazen aurretik. Benjaminen mailan Egoi Lakuntza izan zen irabazlea. Eta kimuetan Xabier Borrega 7.a sailkatu zen gizonezkoetan eta Nahia Imaz 11.a emakumezkoetan.

Villalobos garaile Trizurko akuatloian
Igandean III. Trizurko Akuatloia hartu zuen Zizur Nagusiak. Helduen mailan 2,5 km korrikan, 900 metro igerian eta 2,5 km korrikan egin behar izan zituzten. Arenas klubeko Ander Sanchez gailendu zen (31:17). Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza 11.a iritsi zen helmugara (38:57). Bestalde, junior eta kadete mailan Iñigo Maiza etxarriarra hirugarrena sailkatu zen (14:39).

Kategoria txikikoen kasuan, aurre benjamin mailan Ekain Imaz 5.a sailkatu zen, kimuen mailan Nahia Imaz 11.a eta haurren mailan Unai Villalobosek erakustaldia eman zuen, proba irabaziz.