Aramendia eta Mazkiaran dominekin Madrildik

Guaixe 2015ko ira. 3a, 12:30
Hodei Mazkiaran zilarrezko domina jasotzerakoan.

Espainiako Pista Txapelketak jokatu ziren Galapagarren

Galapagarrek Espainiako Pista Txapelketak hartu zituen agorrilaren 25etik aurrera, kadete, junior, 23 urtez azpiko eta elite mailatan. Hodei Mazkiaran elite altsasuarra Euskadiko selekzioarekin lehiatu zen. Keirinean altsasuarrak zilarrezko domina jantzi zuen, Pepe Morenoren atzetik sailkatu eta gero. Banakako abiaduran 6.a izan zen Mazkiaran.

Kadete mailako emakumezkoetan Maialen Aramendia iturmendiarra lehiatu zen Nafarroako selekzioarekin. Jazarpen proban urrezko domina kolkoratu zuen Maialenek, Melisa Gomizen eta Isabel Martinen aurretik. Emakumezkoen 500 metrotan ere lehena izan zen iturmendiarra. Burunda klubean trebatutako Bakarne Gonzalezek brontzezko domina lortu zuen taldeko abiadura proban, Ane Ollakarizketarekin batera.