Euskara “erdizka” ez uzteko deia

Guaixe 2015ko ira. 4a, 12:16
Kanpainako kartela

Euskalduntze prozesua bukatu ez dutenei zuzendu diete mezua Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuek.

Nafar guztiei euskara ikastera animatzeko deia egin die Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Nafarroako hainbat udaletakoekin batera. Horretarako “No me dejes a medias / Ez utzi erdizka” leloa aukeratu dute. Izan ere, euskara “erdizka” uzten duten horiei zuzendu nahi zaizkie bereziki. Hau da, etxean, ikastetxean, euskaltegian euskalduntzen hasi, baina ikasketa prozesua behar baino lehenago utzi, edota hizkuntza erabili ez dutelako, erdibidean gelditu direnei. Euskara “erdizka” ez uzteko eta hizkuntza ikasi eta gozatzeko deia egin dute.

Pertsona helduak euskalduntze eta alfabetatze ikastaroetan izena emateko kanpaina hilabete guztian martxan izanen da. Lorena Arangoa aktore irurtzundarra protagonista duen bideo baten bidez zabalduko dute mezua. Hura www.nomedejesamedias.eus web orrian ikus daiteke. Horrekin batera, 51.000 esku-orri eta 800 kartel zabalduko dira. Haietan Nafarroako euskaltegien datuak, loturak eta kanpainaren hainbat xehetasun aurki daitezke.

Euskaltegiak
Euskara Zerbitzuetatik gaztigatu dute Nafarroan euskaltegien sare zabal eta espezializatua dugula, nonahi, etxetik hurbil. Haien eskaintza erakargarria eta askotarikoa dela nabarmendu dute, beraz, “erraz aurki daiteke edonoren behar eta gustuetara hobekien egokitzen den aukera”.

Sakanan, AEK-ren Itsasi euskaltegian izena emateko epea irailaren 23ra arte izenen da zabalik. Klaseak Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun emanen dituzte; baita taldea sortzen den Sakanako beste edozein herritan ere. Informazio gehiagorako Altsasuko Gartzia Ximenez kaleko 46. zenbakitik pasa, 948 468 258 telefonora hots egin edo sakana@aek.eus e-postara idatzi.

Euskara ikasi nahi dutenek Guaixerekin batera banatuko den esku-orria bete eta Itsasi euskaltegian edo Mank-en egoitzan utzi dezakete.

Diru-laguntzak
Mank-eko Euskara Zerbitzuak euskara ikasten dutenendako diru-laguntza deialdia egiten du, gutxi gorabehera matrikularen % 50 ordaintzeko adina emanez (beti ere, eskaera kopuruaren arabera). 2014-2015 ikasturtean 115 sakandarrek jaso zuten diru laguntza. Horretarako informazioa 948 464 840 edo 948 464 867 telefonoetan eta euskara@sakana-mank.com e-postan jaso daiteke.