Hondakinen kudeaketa, lan sorrerako aukera

Guaixe 2015ko ira. 7a, 08:07

Nafarroako Unibertsitate Publikoak heldu den astearte eta asteazkenean Altsasun eginen duen uda-ikastaroan ikuspuntu horretatik aztertuko da hondakinen kudeaketa.

Heldu den astean Altsasuk Ekonomia zirkularraren sozio-ekonomia eta ingurumen aukerak hondakinen kudeaketari eta materia organikoari aplikatuta ikastaroa hartuko du. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu du Sakanako Mankomunitatearen finantziazioarekin. NUPeko nekazal ekoizpeneko irakasle Natxo Irigoien Iriartek Mank-en gonbitea eskertu du, “NUPek Sakanarekin zor bat zuelako, sekula ez baita bertan prestakuntza saiorik antolatu”.

Irigoienek ekonomia zirkularrari bultzada emateko ikastaroa dela adierazi zuen aurkezpenean. Egungo erabili eta bota ohitura aldatzea. “Ekonomia zirkularra Europako Batasuna sustatzen ari da. Kontsumitu eta eraldatzeko sistema berri bat da”. Azaldu duenez, “lehengaiak kontserbatzeari lehentasuna ematen zaio, galerak egon ez daitezen eta berrerabil ditzagun. Horrela, jasangarritasun handiagoa sortzen da”.

Ekonomia aukerak
Horregatik, “funtsezkotzat” jo ditu berrerabilpena, birziklatzea, eko-diseinua eta kontsumo arduratsua. Kontsumoaren inguruan, “txip aldaketa” aldarrikatu du: “ez izan orain arte bezala jabe garen kontsumitzaileak, baizik eta gauzen erabiltzaileak izatera pasatzea. Denen artean erabiltzen ditugu eta beste batzuk erabiltzeko uzten ditugu”. Irigoeinek ekonomia zirkularrak aukera berriak sortzen dituela gaztigatu du: “kontsumitzeko, edo gauzak erabiltzeko, modu berri bat zabaltzen delako. Prozesu guztiak berriro diseinatzeko eta abar”.

Sortzen ari diren ekimen horiek “eraginkorrak, lokalak, justuak eta solidarioak izatea nahi dugu”. Enpresa txikiendako aukera handiak zabaltzen direla ohartarazi du. Horretarako sormena, berrikuntza eta ekonomia zirkularrean sinestea behar dela azpimarratu du NUPko irakasleak. “Horretaz guztiaz gogoeta egiteko aukera ederra ematen du ikastaroak”. Bertako eta atzerriko ekimen arrakastatsuen berri izanen da saioetan. “Halakoak gure Nafarroa honetan nola ezar litezkeen aztertuko da ere”.

Valorg
Europako Batasunaren proiektu horren parte da Mank. Hondakin Zerbitzuko Olatz Gardek aurkezpenean gogorarazi zuenez, haren bidez, besteak beste, “materia organikoaren kudeaketari lotuta prestakuntza eta lanpostu profilak zehazteko falta dena aztertzea da”. Konpost planta bateko edota auzo-konposteko boluntarioek beharrezko prestakuntza zuten gogoan ikastaroa planteatzerakoan.

Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak gogorarazi du materia organikoaren kudeaketak zein lanpostu sor ditzakeen ere aztertzen ari direla. “Beste esperientziez ikasi eta prestakuntzaz aparte zein behar dauden bestelako ekimenetan”. Manterolak ekonomia zirkularrak tokiko enpresa txikiei aukerak zabaltzen dizkiela nabarmendu zuen. Ikastaroak “sakandarrei ideiak eman diezaieke eta etorkizunera begira zein bide egon daitezkeen. Arrastoak eman ditzake bide horretan lanean hasteko”. Aukerak badaudela eta haiek errealitatean nola bihurtu zehaztea besterik ez dago haren iritziz.

Interesa eta jakin-mina
Hizlarien mailak, gaiaren gaurkotasunak eta sakanak gaian duen eskarmentuak, kanpoko administrazio eta eragileen interesa piztu du. Hala, Galiziako Gobernuak 50 pertsonen egonaldia bermatu du (administrazioetako langileak eta agintariak). Haiekin batera, Irurtzungo auzo-konposteko boluntarioak, hondakin-kudeaketako eskola tailerreko ikasleak izanen dira. Hainbat sakandarrek interesa azaldu dute. Gipuzkoa eta Madrildik ere etorriko direla jakinarazi dute antolatzaileek.  

Hondakin kudeaketa plana
Aurreko gobernuak Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integral berria egiteko prozedura martxan jarri zuen. Heldu den asteburuko jardunaldiak egun eztabaidatzen ari den plan berrian kontuan hartzekoak izanen dira. 

Izen ematea
cursosdeverano@unavarra.es helbidera mezua idatzi behar da, izen-abizenak, nortasun agiria, ikastaroaren izena, bazkarietara joan nahi den edo ez adieraziz. 30 euro balio du ikastaroak (bazkari bakoitzak 20 euro). Sakanako langabetuendako dohainik izanen da. Unibertsitateko ikasleek aukera askeko kreditu bat jasoko lukete egitarauaren %90era joanez gero. 15 orduko iraupena du. Informazio gehiago www.sakanagaratzen.com edo www.unavarra.es web orrietan.



Egitaraua*
Irailak 8, asteartea. Hondakinetan aukerak
9:00etan Jardunaldien aurkezpena. Valorg proiektuaren aurkezpena.
9:30ean Sarrera: Ekonomia zirkularra, aukeren sortzea. Hizlaria: Ignasi Puig, EnT Environment and Management.
11:30ean Esperientzien aurkezpena:
    Emausko Traperoak (Jose Mari Garcia)
    Compostela Inserta konpostatze planta-eskola (Ramon Plana, hondakin
organikoen tratamenduan kontsultaria).
La Fageda, inguruko ingurumen, ekonomia eta sozialen faktoreetan oinarritutako granja baten kudeaketa (Belen Puyuelo, Beta zentro teknologikoa, Uvic)
Sakanako tokiko esperientziak (ekolo, paletak, hiri-baratzak).
14:00etatik 16:00etara Bazkaria, paella.
16:00etatik 19:00etara Inguruko ereduetara bisita:
    Emausko Traperoak (Iruña).
    Varazdin fundazioa, Zentzumenen Parkea eta abikonpoa.
17:30ean Konposteroak antzezlana. Zirika Zirkus. Iortia kultur gunean.

Irailak 9, asteazkena. Hondakinen kudeaketa esperientziak ezagutuz
9:00etan Sarrera: Ekonomia zirkularrera hurbiltzen aitzindaria: Lorearen esperientzia, 80ko hamarkada. Hizlaria: Alfonso del Val, ingurumen kontsultaria.
9:30ean Hiri hondakinen kudeaketa beste tokietan: …-tik zer ikasi dezakegu?
    Katalunia. Francesc Giro, Kataluniako Hondakinen Agentzia.
11:30ean Segida:
    Italia. Michele Giavini, CIC, Italiako konpostatzaileen elkartea.
    Galizia. Piñorko Udala. Fraga Civeira, alkatea.
14:00etatik 16:00etara Bazkaria, Paris 365.
16:00etatik 19:00etara Mahai-ingurua: Eta Nafarroan zer egin dezakegu?

*Bi egunetan birziklapenari eta berrerabilerari buruzko erakusketa izanen da Iortia kultur gunean, asteartean kanpoko aldean eta asteazkenean barruan.