Ansak eta Ongayk Altsasuko txapelak nahi dituzte

Ongay final handira sailkatu da.

Ostiralean jokatuko diren 46. Otadiko Kristo Deuna Txapelketako final handietan bi sakandar izango ditugu Ansa (22 urtez azpikoan) eta Ongay (eliteetan). Bakaikoa eta Gorriti bidean geratu dira

46. Otadiko Kristo Deuna Txapelketa (2. finalerdiko emaitzak)
Larunbatean, 22:00etan, Burunda pilotalekuan
Eskolak: Imaz (Arbizu) 18 / Erdozia (Etxarri) 7
22 urtez azpikoak: Bakaikoa-Martija 10 / Laso-Olaizola 22
Seniorrak: Ongay-Linzoain 22 / Azpiri-Gorriti 19

46. Otadiko Kristo Deuna Txapelketa. Finalak
Ostiralean, 22:30ean Burunda pilotalekuan
Erakustaldia: Olaetxea (Arbizu) / Goikoetxea (Arbizu)
22 urtez azpikoak: Ansa-Otaduy / Laso-Olaizola
Eliteak: Arrieta-Imaz / Ongay-Linzoain

Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako 46. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako bigarren finalerdian gozatu ederra hartu zuten Burundara hurbildu ziren pilotazaleek. Kimuen mailako partida batek zabaldu zuen jaialdia. Imazek (Arbizu) 18 eta 7 hartu zuen menpean Erdozia (Etxarri Aranatz). Ondoren 22 urtez azpiko txapelketako bigarren finalerdiari ekin zitzaion. Bakaikoa etxarriarrak eta Martijak Laso eta Olaizola izan zituzten aurkari. Partida oso gogorra izan zen, oso lehiatua eta erritmo bizikoa. Bukaeran Laso eta Olaizola 22 eta 10 gailendu ziren baina markagailuak ez du islatzen kantxan bizitako lehia estua. Irabazleek partida bikaina jokatu zuten baina Bakaikoak eta Lasok ez zuten merezi horrenbesteko aldeagatik galtzea, primeran aritu baitziren lau pilotariak. Martija, Laso eta Olaizolak maila bikaina eskaini zuten baina, nahiz eta primeran hasi, Bakaikoaren mailak behera egin zuen. Biko bakoitzak tanto bat egin zuen sakez, eta Bakaikoak sake bat huts egin zuen. Tamalez, etxarriarra finaletik kanpo geratu da.


Elite mailan Ongay satrustegiarra eta Linzoain 22 eta 19 gailendu ziren Beitia eta Gorriti uhartearraren kontra. Partida gogorra eta lehiatua izan zen, eta atzelarien lana aipatzekoa da, oso fin ibili baitziren. Aurrelariek ere ikuskizun polita eskaini zuten, publikoaren gozamenerako. Lau pilotariek maila bikaina eman zuten. Ongay fin ibili zen eta 3 tanto egin zituen sakez. Final handian bera izango da ordezkari sakandar bakarra, Gorriti bidean gelditu baita.

Ansaren eta Ongayren alde
Altsasuko festak lehertzen diren egunean, ostiralean, jokatuko dira 46. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako finalak, gauean, 22:30etik aurrera, Burunda pilotalekuan. Hasieran Arbizuko pilotako gazte mailako Olaetxea eta Goikoetxea pilotarien arteko lehia izango da. Ondoren 22 urtez azpikoen finalean Ansa altsasuarrak eta Otaduyk Laso eta Olaizola izanen dituzte aurkari. Ansak herritarren babesa izanen du eta ea txapela janzterik duen. Eta seniorretako finalean Ongayk eta Linzoainek Arrieta eta Imaz izanen dituzte aurkari. Ea Ongayk irabazten duen. Nolanahi ere, maila handiko finalak espero dira eta gure ordezkariek lan handia egin beharko dute txapela jantzi nahi badute.