Hondakinen kudeaketan kontseilariak elkarlanerako borondatea azaldu du

Guaixe 2015ko ira. 9a, 16:28

Sakanako erakundeetako ordezkariak Isabel Elizalde Arraztia kontseilariarekin atzo Etxarrin.

Departamentuak, Sakanako Mankomunitateak eta atez ateko sistema duten herriek elkarren arteko komunikazioa eta elkarlana sendotzea adostu dute.

Isabel Elizalde Arrastia Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilaria Nafarroako Unibertsitate Publikoaren uda-ikastaroaren hasiera ekitaldian parte hartzera etorri zela baliatuta, hondakinen kudeaketaz hitz egiteko zenbait udal ordezkari harekin batzartu ziren (Ainara Aiestaran, Uharte Arakilgo alkatea; Eneka Maiz, Etxarri Aranazko alkatea; Gurutze Rodrigez, Olatzagutiko alkatea eta Aitor Karasatorre, Sakanako Mank-eko lehendakaria).

Elizaldek gobernuaren eta toki erakundeen arteko elkarlana bultzatzeko borondatea azaldu zuen. Bilkuran kontseilariak berretsi zuen hondakinen kudeaketa eta tratamendua udalen eta mankomunitateen eskumenekoak direla, eta hondakin bilketa sistema berrien inplementazioagatik Mank-i erabateko errespetua adierazi zion.

Bilkuran Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren berrikusketaz hitz egin zuten ere. Berrikusketaren baitan herrialdean ezarritako sistema guztiak aztertu beharra agerian gelditu zen. Europako araudiak ezartzen dituen helburuak bete beharra hizpide izan zuten eta ahalik eta errefusa gutxien sortzen duten sistemen alde egitearen alde agertu ziren guztiak. Hondakin organikoen tratamendua hizpide izaterakoan Sakanan ezarritako auzo-konpost etxolak aipatu dituzte.