Ikasteko garaia

Guaixe 2015ko ira. 10a, 14:35
Autobusak estrainekoz gaur eraman ditu ikasleak Andra Mari ikastola berrira, Etxarrin.

Sakanako ikasle gehienek gaur hasi dute ikasturte berria, asteartean altsasuarrek. Lehen  eguna izatearen berritasunak sortutako negarrei eta ezinegonei, ikaskideekin berriro elkartzeak edo gelako kideen nahasketa posibleak sortutako urduritasuna elkartu zaie. Sakanan ikasle gehienek D ereduan hasi dituzte ikasketak. Berritasuna Altsasuko Sagrado Corazon ikastetxeak martxan jarritako PAI programa da. Altsasun bertan sute batek Txirinbulo haur eskola txikitu zuen. Ondoko Zelandi eskola publikoaren pertsiana batzuk kaltetu zituzten garrek, baina ikasturtea normaltasunez hasteko aukera izan zuten.

Bestetik, Nafarroan LOMCE legea bete-betean sartu da indarrean, aurreko gobernuak hala lotua utzi zuelako. Beraz, DBHko eta Batxilergoko ikasturte bakoitietan ezarriko da legea. Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleei, gainera, ebaluazioa eginen diete.

Ikastola berria
Joan den ikasturtean Iturmendik eskola berria mustu bazuen oraingo honetan eraikina mustu duena Andra Mari ikastola izan da. Utzubar txiki dermioan jaso da ikastola berria. 2 eta 12 urte bitarteko ikasleak hartu ditu, Lehen Hezkuntzako 6. mailara arte. Ikastola berria mustutzeak, jakina, haurren artean poza eta ezinegona sortu ditu.

2009ko Nafarroa Oinezko eta ondoren egindako lanaren etekinen emaitza da ikastola berria. Lau solairu ditu. Sotoan, jantokia, sukaldea, psikomotrizitate gela, gorputz hezkuntzako gela, aldagelak, soin hezkuntzako irakaslearen bulegoa, kirol materiala eta bestelakoa gordetzeko biltegia eta berogailua daude. Lehen solairuan idazkaritza, zuzendaritza, haur hezkuntzako gelak, komunak eta espazio zabal bat izanen dira. Gelek patio estalirako irteera dute.

Bigarren eta hirugarren solairuek Lehen Hezkuntzako gelak hartu dituzte. Han daude liburutegia, ordenagailu gela, plastika gela, TGD gela, logopediarako gela, ingeleseko gela eta Lehen Hezkuntzako irakasleen gela. Kanpoko aldean, natur parkea, frontoia eta kirol kantxa du.