Azoka, bertako aziendari, artisauei eta ekoizleei bultzada emateko

Guaixe 2015ko ira. 11a, 08:29
Eduardo Brun, Eduardo Murugarren, Paz Gonzalez, Begoña Goikoetxea eta Iker Manterola azokara gonbidatzen.

Igandean, 10:00etatik aurrera, Irurtzunek garai bateko azoka giroa berreskuratuko du. Irurtzun eta Arakilgo herriek, salmenta zuzenean eta ekoizleen parte hartzean oinarrituriko ereduan pausoak ematen jarraitu nahi dute.

Aurreko bi urteetako balorazio positiboaren ondoren, bueltan da Arakil-Irurtzungo III. bertako ganadu azoka. “Hasieratik proposatu zen azoka eredua urtetik urtera indartzen joan da” Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak azaldu duenez. “Kantitateari baino kalitateari ematen zaio garrantzia, eta hori azokan nabari da”. Elkarlanean oinarritutako azoka dela ere azpimarratu du. Manterolak nabarmendu nahi izan du azoka “lehen sektorearendako eta artisauendako, haien aktibitateari irteera emateko salmenta gunea” dela.

Sakanako ekoizleak biltzen dituen Belardiko Begoña Goikoetxeak zehaztapena egin du: “Azoka antolatzeko irizpideetako bat da bai artisau bai azokako postuetan daudenak ekoizleak izatea, ez bitartekariak. Oso garrantzitsua da guretako. Horrek beste azoketatik bereizten gaitu”. Goikoetxeak ziurtatu duenez, “guretako ez da azoka arrunt bat. Bertako produktuaren eta ekoizleen aldeko aldarrikapen modu bat ere bada”.

Udalak
Garai batean Arakil eta Irurtzungo ekonomiaren oinarria lehen sektorea zela gogora ekarri zuen Paz Gonzalez Sagues zinegotzi arakildarrak. Azokarekin lehen sektore horri bultzada eman nahi diotela gaztigatu du. “Azoka, betidanik, arakildarren eta irurtzundarren topagunea, harremanetarako tokia, izan da. Alde hori ere berreskuratu nahi dugu: auzokideen parte hartzea, inplikazioa… Horregatik, herri bazkaria antolatu dugu estreinakoz”. Antolatzaileen lana eskertu eta igandean azoka bisitatzera gonbidatu gaitu Eduardo Murugarren zinegotzi irurtzundarrak.



Azoka
Aurreko urteetan bezala hiru espazio izanen ditu azokak: bertako abereen gunea hartuko du plazako frontoiak; azoka gardena Foru plazan izanen da eta artisauak Lizarra kalean izanen dira.

Ekoizleak
20 bat ekoizlek euren ekoizpena zuzenean salgai jarriko dute etziko azokan. Sakanako Belardi ekimeneko kideak dira gehienak. Ibarrean ekoizten ez diren produktuak EHNE-Bizilur ekimenaren bidez iritsiko dira. Goikoetxeak azaldu duenez, “nahi dugu jendea ohartzea erosketak bertan egitea eta bertako produktuak kontsumitzeak zer dakarren: horrekin aukeratzen dugu zer nolako larreak eta basoak nahi ditugun gure inguruan”. Elikadura burujabetzaren aldekoak dira Belardiko kideak. “Herritarren inplikazioa beharrezkoa da. Denon ardura da”. Halako azokek, bestalde, ekoizleei herritarrekin harremanetan egoteko aukera ematen die, euren lanbidea eta egunerokotasuna azaltzeko.

Egonen diren ekoizleak
Martineli pasta ekologikoa
Mendiko, ardo ekologikoa
Larralde, sagardoa
Lakabe, ogia eta pastak
Legarbe, karakolak
Guneko, arrautza ekologikoak
Geingenekoa, behi esnekiak
Beriain, gazta
Juanane, gazta
Sarabe, gazta, kroketak, hestekiak
Ibar borda, gazta
Uharte, gazta
Txomin, kontserbak
Fuljen, landare apaingarriak
Erlandere, eztia
Joseba, eztia
Arizkuren, ukenduak
Baztan, ukenduak



Artisauak
Lizarra kalean izanen dira. Arbaso elkartean biltzen diren Euskal Herriko artisauen izenean Eduardo Brunek antolatzaileei emandako aukera eskertu die. “Egindako lana bere fruituak ematen hasi da eta nabaria da azokara etorriko diren Sakanako eta Nafarroako artisau kopuruaren hazkundea”. Sakanako ordezkaritza joan den urteko %15etik %23ra pasako da eta Nafarroakoa %15eko gorakadarekin %46ra iritsi da.

12 artisau
Brun forjak, Izurdiaga, forjaketa erakustaldia
Pendientes de ti, bitxigintza, Izurdiaga
Erabili, ehuna, Etxarri Aranaz
Decristalia, beira tailatua, Ablitas
En cueros-Larrutan, larrua, Ulibarri
Zapatari, artisau oinetakoak, Iruñea
Marian Corres, zeramika, Gasteiz
Txus Grutzeta, zilarrezko bitxigintza, Heredia-Barrundia
Bernat Vidal, harri lanketa, Abadiño
Otero pilotagilea, pilotak, Anoeta
Kromosoma tailerra, zurezko haur jolasak, Errenteria
Eskuz holakatua, zurezko dekorazio eta erabilgarriak, Senpere

Haurrendako tailerra
Arbaso elkartearen bidez azokan paper birziklatua egiteko tailerra emanen du Marian Migel abadiñoarrak.

Bertako arrazak
Plazako frontoian bertako azienda ikusteko aukera izanen da: latxa ardi arpeltz eta mutur gorriak (Aslana), Nafarroako rasa ardi (Arana) eta sasi-ardia (Sasiko), behi piriniarra (Aspina), nafar kasta eta betizua (Asbena,) Auritz arrazako zaldi-behorrak (Ascana) eta Nafarroako jaka (Jacana). Aurtengo berrikuntza euskal oiloen eta antzaren presentzia izanen da (Eoalak elkartea). Goikoetxeak azaldu zuenez, “ekarri nahi izan ditugu, haiek bizirik daudela eta haien atzean jende asko lanean dagoela ikus dadin”.



Egitaraua
10:00etatik 14:30era Bertako abereen gunea, artisauak eta azoka gardena.
15:00etan Herri bazkaria.

Goizean
Nekazaritza lanabesen erakusketa
Soken ohiko lantzea
Motozerrarekin eginiko eskulturen erakustaldia
Belar metaren lantzea
Kale animazioa: mitologia-pertsonaiak, joaldunak, trikitilariak eta gaitariak.
Artisau forja
Taloak
Irurtzungo, Arakilgo eta Sakanako turismo informazioa
Irurtzungo eta Arakilgo komertzio eta ostalarien erakustokiak.
 




Herri bazkaria
Igandean, 15:00etan herri bazkaria izanen da. Txartela 15 eurotan eskuratu daitezke, ostiralera arte Arakilgo eta Irurtzungo udaletxeetan. Azoka egunean turismo informaziorako karpan ere.

Menua
Salda
Piperrada
Euskal txerria burruntzi erara
Postrea
Kafea
Kopa


Aspaldiko garrantzia
Irurtzun, Arakil ibarraren eta inguruko herrien gune komertzial nagusia da aspalditik. Bere abere azokak, gertuko eta urritiko abeltzain eta merkatariak erakarri izan ditu urte luzeetan: Arakil, Goñi, Ollo, Sakana, Larraun, Oltza Zendea, Gesalatz, Iruñerria, Euskal Herria edo estatuko Gaztela-Leon, Aragoi, Katalunia eta Valentzia aldeko tratanteak izan ziren garai batean Irurtzungo azokan.

Lehenik, hilean behin izaten zen azoka, gero hamabostean behin (1792-1921) geroago hamarrean behin (1921-1945) eta azkenik astean behin, asteartero, orain dela 40 urte erabat galdu zen arte. 2013an berreskuratu zen azoka.