Preferente maila. 1. jardunaldia: Infanzones 1 – Etxarri Aranatz 1 / Bidezarra 1 – Lagun Artea 0

Guaixe 2015ko ira. 14a, 12:46
Lagun Artea.

Etxarrik berdinduz debutatu du Preferenten eta Lagun Arteak galdu egin du

2015-2016 denboraldiko lehen jardunaldia jokatu zen asteburuan preferente mailan. Aurreko denboraldian erregional mailatik igo eta gero, preferente mailan debutatu zuen Etxarri Aranatzek Obanosen, Infanzones taldearen kontra. Etxarrik ongi hasi zuen partida eta zazpigarren minuturako Aitorrek gola sartzea lortu zuen, kontraeraso baten ondoren. Baina Infanzonesek ez zuen behera egin eta behin eta berriz saiatu zen etxarriarren atea zulatzen, atsedenaldia baino lehen partida berdindu arte. Bigarren zatian bi taldeek aukerak izan zituzten, baina berdinketarekin despeditu zen lehia.

Igandean, Noainen, Bidezarraren kontra aritu zen Lagun Artea. Bi taldeen arteko partida oso lehiatua izan zen. Lehen zatian Bidezarrak aukera gehiago izan zituen, baina atsedenaldira golik sartu gabe iritsi ziren bi taldeak. Bigarren zatian Lagun Artea kontrako atera iristen hasi zen, arriskua sortuz, baina baloiak ez zuen sartu nahi izan. 69. minutuan falta baten jaurtiketaren ondoren Bidezarrak gola sartzea lortu zuen. Nahiz eta Lagun Arteakoak behin eta berriz saiatu, baloiak ez zuen sartu nahi izan eta punturik gabe itzuli ziren Noaindik lakuntzarrak.

Sailkapen orokorrean Arrotxapea da liderra (3 puntu). Etxarri Aranatz 7.a da, puntu bakarrarekin eta Lagun Artea 13.a, punturik gabe. Asteburuan Etxarri Aranatzek Urroztarraren kontra irabaztetik datorren Gares hartuko du eta Lagun Arteak San Jorgeren kontra irabaztetik datorren Mutilbera.