Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren egoitza berria Ibaetako campusean eraiki zen.
Mikel Garai arkitektoak 1992an proiektatu zuen eskolaren gaur egungo eraikin-egoitza, arkitektura postmoderno garaiko Tendenza mugimenduaren barnean sailka daitekeena. Ikastegiak bost solairu ditu, sotoa barne. Bertan, ikasgelez aparte, paraninfo edo ospakizun-aretoa (Luis Peña Gantxegi Aretoa deitua), kalkulu-zentroa, maketak egiteko aretoak eta bestelako ikasgelak daude. Liburutegia laugarren eta azken solairuan dago. Altura bikoitzeko espazio zabala da, guztiz esanguratsua, bertan jasotzen diren lanen neurrikoa. Zuhurtasun handiz proiektatutako sabai-leihoetatik sartzen den argiak espazioaren handitasuna nabarmentzen du. Kafetegia garai batean azkeneko solairuan zegoen, estalki lau erabilgarriak ahalbidetzen duen kanpo espazioari probetxu atereaz.
Arkitektura egoitza barnetik zein kanpotik dago diseinatuta. Diseinuak egitura argi bati jarraitzen dio, jatorrizko sarreraren aurreko plazan hasten dena eta paraninfoan bukatu. Egitura horrek "parvis" jasoan du jarraipena, hots, eliz atariaren aurreko espazio irekian, eta bertan jatorrizko etxolaren metafora agertzen da: arkitekturaren monumentu-sinbolikoa, hitza eta historiaren toki, Joxean Artzeren poesiak azpimarratuta.
Etxolaren presentziak eraikinaren fatxada nagusiari neurria ematen dio, sarrera ate handi baten moduan diseinatuta baitago, atondoari zein barneko kaleari sarbide ematen diona. Barneko kalea, behe solairuan kokatzen den altuera hirukoitzeko espazioa da, espazio aktiboa, harremanetarako leku, proiektuen erakusketa-toki, bizikidetzarako eta komunikaziorako gunea. Egituraren amaieran paraninfoa dago, unibertsitatearen batzar aretoa izateaz aparte, hiriak antolatutako zenbait kultur ekitaldiren antzezlekua dena. Hainbat espazio biltzen dituen egitura honek arkitektura-ibilbide bat osatzen du, zeinak kanpoaldea eraikinaren bihotzarekin lotzen duen.
2013ko udan eraikinari sarrera aldatu zioten, enpresa-eskolaren albora lekualdatuz. Erabaki honek kritika ugari jaso izan ditu. Egia da bai, Arkitektura, Irakasle eta enpresa eskolen arteko harrera gune amankomuna bilakatu dela kanpoko espazioa. Dena den, pertsonalki bat nator eraikinaren egilearekin. Arkitektoak obren kontra mintzatu eta aldaketak jatorrizko eraikinaren egitura argia erabat desitxuratzen duela defendatu izan du behin eta berriz.