Azken asteotan hainbat mezu aldarrikatzaile ezabatu dira gure kaleetako hormetatik. Hori dela eta, gure iritzia adierazi nahi dugu artikulu honen bidez.
Gizarte-taldeei legez dagokie beren erreibindikazioak kalean aldarrikatzea; izan ere, aldarrikapen horien atzetik guztiendako onuragarria izango den zerbait lortzeko ahalegina dago.
Ekintza horiek erabat lotuta daude gizartea hobetzeko gogoa eta kezka dituen herri baten fisionomiari, ardura horiek ezinbestekoak baitira guztion ongizatea lortzeko bidean aurrera egiteko.
Altsasuko Mugimendu Feministako taldekideak oso haserre gaude, hain zuen ere, “eraso sexistarik ez” mezua ezabatu dutelako; izan ere, gure ustez, oso modu egokian adierazi zen plazan, eta, horregatik, oso larria iruditzen zaigu ezabatu izana. Uste dugu udalak ezabatu duela mezua, herriko talde erreibindikatzaileen testigantzak herriko kaleetatik ezabatzen tematuta baitago.
Herria—hiriko altzariak— aseptikoa eta despolitizatua bada, zaila izango da bertan gizartearekiko kezka lantzea.
Mezu aldarrikatzaile horiek ezabatzea oso kaltegarria iruditzen zaigu, eta, horregatik, udalari eskatu nahi diogu jarrera horrekin bukatzeko, oso negatiboa baita herriaren bizitza sozialerako.