Agorrilean eten zen langabeziaren beherako joera

Guaixe 2015ko ira. 17a, 19:00

Zazpi hilabetez jaisten egon ondoren, pasa den hilean 1.278 sakandar zeuden lan bila, urte hasieran baino 332 gutxiago.

Garila bitartean langabeziak behera egin du Sakanan, baina agorrilean joera moztu zen. Aurreko hilabetean baino 9 pertsona gehiago zeuden Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (NEZ) izena emanda: 1.278. Joan den urteko agorrila akaberan 314 sakandar gehiago ziren lan bila zeudenak. Sakandarrak Nafarroako populazioaren %3,19 izanik ibarreko langabeak %3,06 dira.

Emakumeak dira lan bila ari diren gehienak: 731 (%57,2 eta aurreko hilean baino 8 gutxiago). Gizonezko langabetuak, berriz, 547 ziren (%42,8 eta 17 gehiago). Langabe gehienek 45 urte edo gehiago dituzte: 630 (%49,3 eta 11 gehiago). 25 eta 44 urte bitarteko langabeak dira bigarren adin multzoa: 544 (%42,57 eta 5 gutxiago). 25 urte baino gazteagoak eta lan bila dabiltzanak 104 ziren (%8,14 eta 3 gehiago).

Sektoreak
Zerbitzuetan lan eginen lukete langabe sakandarren %60,33k (771 pertsona eta aurreko hilean baino 4 gehiago). Industriarako lan eskatzaileak %25,12 ziren (321 eta 11 gehiago). Eraikuntzan lan egiteko prest zeuden %6,73 (86 sakandar eta 7 gehiago). Lehen sektorean aritzeko prest %1,8 zegoen (23 pertsona eta 7 gutxiago). Azkenik, aurretik lanik egin ez dutenen kopurua %6,03koa zen (77 eta 6 gutxiago).

Kontratuak
Oporrak kontratazio kopuruan nabaritu zien. Agorrilean garilean baino 100 kontratu gutxiago sinatu zituzten sakandarrek, 581 guztira (2014ko agorrilean baino 46 gehiago). Haietatik %57,31 gizonezkoen sinadura dute (333 eta garilean baino 29 gutxiago) eta %42,69k emakumezkoenak (248 eta 71 gutxiago). Sinatutako 10 kontratuetatik bederatzi (%93,8) aldi baterakoak ziren (545 eta aurreko hilean baino 111 gutxiago). Agorrilean mugagabe bihurtu ziren kontratuak 24 izan ziren (%4,13 eta 11 gehiago). Hasieratik mugagabeko kontratuarekin hasi ziren dozena bat sakandar (%2,07 eta berdin).

Industriak egin zituen kontratazio gehienak agorrilean: 279 (%48,02 eta garilean baino 13 gehiago). Zerbitzuen sektorean ere kontratu asko sinatu ziren: 275 (%47,33 eta 107 gutxiago). Eraikuntza sektorean 23 kontratu sinatu ziren (%3,96 eta 4 gutxiago). Azkenik, lehen sektorean 4 kontratu sortu ziren (%0,69 eta 2 gutxiago). Nafarroan agorrilean sinatu ziren 26.182 kontratuetatik %2,22 sakandarrenak ziren.

Langabezia herrika
Herria     Langabeak  Aldea
Arakil                  33    -1
Irurtzun             133    -2        
Irañeta                  6    -1
Uharte Arakil        40    0
Arruazu                 6    1    
Lakuntza             49     -8                       
Arbizu                 61    -1        
Ergoiena               8    0        
Etxarri Aranatz   138    8        
Bakaiku               13    1        
Iturmendi             22    0        
Urdiain                 25    1
Altsasu               636    12        
Olatzagutia           91    -2         
Ziordia                 17    1        
Sakana           1.278    9