Karasatorrek Mank-eko buru izaten segituko du

Guaixe 2015ko ira. 17a, 19:15

Erakundearen zortzigarren legegintzaldiko presidentea da etxarriarra.

Aurreko ostegunean eratu zen Sakanako Mankomunitateko batzarra. Eta horrekin batera 29 batzarkideen artean lehendakaria aukeratu zen. Aurreko legegintzaldian erakundea zuzendu duen Aitor Karasatorre Mugurutza izan zen hautagai bakarra. Batzarrean izan ziren 24 kideetatik 17k Karasatorreren alde egin zuten, bostek txuri bozkatu zuten eta bik kontra.

Kargua hartu berritan Karasatorrek gogora ekarri zuen herriez aparte Sakanarako programa aurkeztu zutela udal hauteskundeetan. Mankomunitatean koalizioak garatu nahi dituen lan ildoak han jasoak daudela azaldu zuen. Eta batzarrean jakinarazi zien: “ekarpenak jasotzeko hurrengo asteetan hemen ordezkatuak zaudeten talde politiko ezberdinen ordezkariekin bildu nahiko genuke”. Ekarpen horiekin legegintzaldirako programa osatu eta Mank-eko batzarrari aurkeztu nahi diote. Karasatorrek “guztion artean Sakana berria egiten jarrai dezagun” dei egin zuen.

Mank-eko buruak, bestalde, ohartarazi zuen “gure lehentasunezko lan eremua instituzioak badira ere, herritarrak eta herritarrak antolatzen dituzten herri eragile sozial, sindikal, kultural eta abarrekin elkar lana bulkatzea da EH Bilduren izaeraren oinarria”. Herritarrak modu batera edo bestera antolatuak egotearen garrantzia nabarmendu zuen. Haiendako ateak zabalik dituztela eta partekatzen hasteko gonbita egin zien. Azkenik, ardura eman ziotenei eta EH Bildu babestu duten sakandarrei eskerrak eman zizkien.

Bitxikeriak
Bi pertsonek errepikatu dute Mank-eko presidente karguan: Karasatorrek eta Migel Angel Zubiria Galartzak. Etxarriarra jarraian egon da karguan; urdiaindarra, berriz, bi alditan.

Aurreko legegintzalditik errepikatzen duten batzarkideak lau dira: Karasatorre etxarriarra, Galartza bakaikuarra, Gabirondo iturmendiarra eta Rodriguez olaztiarra. Bestalde, zenbait legegintzaldiren ondoren, IU-EB-k ez du Mank-en ordezkaritzarik. Azkenik, ibarreko erakundeko batzarkide dira Sakanako 15 alkateetatik 11. Ez dira Arakil, Irañeta, Etxarri Aranatz eta Ziordikoak.


Mankomunitatearen osaketa
Sakanako Mankomunitatean ibarreko herri guztiak daude ordezkatuta. Ordezkaritza herriaren populazioaren araberakoa da. Beraz, Mank-en batzarkideen kopurua herrien populazioaren arabera aldatzen da. Legegintzaldi honetan aurreko legegintzaldiko 29 ordezkariak mantentzen dira.

Biztanle kopurua  Ordezkariak
>1000                1
1.000-2.000        2
2.000-3.000        3
7.000-8.000        8


Batzarkideen generoa
29 batzarkideetatik 9 emakumezko dira eta 20 gizonezko. Aurreko legegintzaldian 7 eta 22 ziren.

29 batzarkideak
Udala               Batzarkidea                           Alderdia
Arakil                Ruben Goñi Urroz                    Independentea

Irurtzun             Aitor Larraza Carrera               EH Bildu
                        Eduardo Murugarren Frances    EH Bildu
                        Arantxa Berasategi Zabalo        Independentea

Irañeta             Jose Manuel Lizarraga Mendinueta     Independentea

Uharte Arakil      Ainara Aiestaran Ijurko             EH Bildu

Arruazu              Peio Betelu Ganboa                  Independentea

Lakuntza            Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza    EH Bildu        
                         Josu Imaz Prim                         EH Bildu

Arbizu                Karmele Marañon Chasco          EH Bildu
                         Migel Angel Urkia Arretxe          EH Bildu

Ergoiena            Xabier Senar Veiga                    Independentea

Etxarri Aranatz    Aitor Karasatorre Muguruza        EH Bildu
                         Begoña Goikoetxea Zabaleta       EH Bildu
                         Maria Saez De Albeniz Bregaña   EH Bildu

Bakaiku              Aner Galartza Barandiaran         EH Bildu

Iturmendi           Vitoriano Gabirondo Lanz           EH Bildu

Urdiain               David Oroz Alonso                     EH Bildu

Altsasu              Javier Ollo Martinez                  Geroa Bai
                        Pedro Jimenez Elvira                 Geroa Bai
                        Manuel Bergera Ijurko               Geroa Bai
                        Arantza Bengoetxea Intxausti    EH Bildu
                        Javier Paz Miño                         EH Bildu
                        Juan Migel Perez Hurtado          PSN
                        Virginia Alonso Aparicio             Goazen Altsasu
                        Javier Lopez Patus                    UPN

Olatzagutia       Gurutze Rodriguez Armendariz  EH Bildu
                        Ibai Barandiaran Albiztur          EH Bildu

Ziordia               Olatz Irizar Martinez               EH Bildu
           


Indarren ordezkaritza
EH Bildu 18
Independenteak 5
Geroa Bai 3
PSN 1
Goazen Altsasu 1
UPN 1


Orain arteko lehendakariak
1987-1991 Jose Manuel Etxeberria Solis.
1991-1995 Manuel Ijurra Etxarri.
1995-1999 Migel Angel Zubiria Galartza.
1999-2003 Jose Manuel Leitza Razkin.
2003-2007 Gorka Ovejero Ganboa.
2007-2011 Migel Angel Zubiria Galartza.
2011-2015 Aitor Karasatorre Mugurutza.
2015-2019 Aitor Karasatorre Mugurutza.