Lagun Arteak irabazi eta Etxarrik garaipen zaporea duen berdinketa lortu zuen

Guaixe 2015ko ira. 21a, 13:40

Etxarrik berdinketa lortu zuen. Xabatek lau gol sartu zituen.

Preferente maila. 2. jardunaldia: Lagun Artea 2 – Mutilbera 1 / Etxarri Aranatz 4 – Gares 4

Lakuntzako Zelai Berrin jokatutako lehen partidan, Lagun Arteak garaipena eskaini zien bere zaleei. Lagun Artearen eta Mutilberaren partida, ordea, nahiko aspergarria izan zen, gol aukera gutxikoa. Baina lakuntzarrek helburua bete zuten eta hiru puntuak etxean geratu ziren. 17. minutuan Burillok Lagun aurreratu zuen, penaltyz. Hala ere Mutilberak atsedenaldia baino lehen berdindu egin zuen. Bigarren zatian emozioa pil-pilean egon zen bukaerara arte, eta Davilak, falta baten jaurtiketa bikainarekin, garaipenaren gola sartu zuen.

Bestalde, Etxarri Aranatzen eta Garesen arteko lehia launako berdinketarekin despeditu zen. Partida hasi eta berehala Gares aurreratu zen, Martinezek 30 metroko distantziatik egindako jaurtiketa bikainarekin. Horrela iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian hiru gol sartu zituen Garesek, 0 eta 4 aurreratuta. Baina Etxarrik ez zuen behera egin. Garesek penalty tonto bat egin zuen Garesek eta Xabatek etxarriarren lehen gola sartu zuen. Ondoren, 78. minutuan, Asierren jokaldi on bat borobildu zuen Xabatek, bigarren gola sartuz. Ondorioz Etxarrik gora egin zuen eta atzera ere Xabatek, 82. minutuan lehenengo eta 85. minutuan ondoren, beste bi gol sartu zituen, launa berdinduz eta garaipen zaporea duen berdinketa lortuz. Partida bikaina egin zuen Xabatek, zoriontzeko modukoa.

Sailkapen orokorrean Bidezarra da liderra (6 puntu). Lagun Artea 9.a da, 3 punturekin, eta Etxarri 10.a, 2 punturekin. Asteburuan Beti Casedano izango du aurkari Lagun Arteak eta Castillo de Tiebas Etxarrik.