Ikasturteari hasiera eman zaio, eta ausartuko naiz esatera oraingoan ere ikasgeletan ikasgai garrantzitsua faltan botako dugula. Haur eta gazteen apalak matematika, gizarte, hizkuntzak ikasteko liburuekin beteko dira, baina ziurrenik sexuen hezkuntzaz gutxi entzungo dute.
Sexuen hezkuntza zerbait berria badirudi ere, aspaldidanik dabil sexologoen ahoetan, aipatu besterik ez dago Efigenio Amezúa sexologoak aspalditik jorratuta daukala sexuen hezkuntza ikasgai gisa ezartzeko materiala. Hala ere, badirudi oraingoz hezkuntzako arduradunei gaiari heltzea kosta egiten zaiela.
Hau irakurritakoan askok pentsatuko dute beraien ikastetxeetan egiten dela, eta beraz aipatutako gabezia gaindituta dutela. Hasieran aipatu dudan ausardiari helduz, esango nuke sexualitatearen gaia jorratzen dutela, batzuetan sexologoek geletara sartzen direla, baina interbentzioak ordu gutxikoak dira, gehienetan DBH-ko geletara murrizten dira eta interbentzioen jatorria prebentzioan dago. Hau da, urteetan sexualitatea genitalen gaietara murriztu izan ohi da, eta, beraz, sexualitatea lantzeko garaian harreman genitalen ondorioz sortu zitezkeen gaixotasunak edo nahi gabeko haurdunaldiak ekiditeko sortu ziren sexualitateko tailerrak. Gaur egun, oraindik ere sexologoei deitzen digutenean gehienetan antzeko helburuak aipatzen dizkigute, nahiz eta gu saiatu esaten sexuen hezkuntza eremu zabalagoa dela eta guk emakumeez, gizonez eta beraien harremanez hitz egitea nahi dugula. Noski, horretan saiatzen gara, baina 6 orduko tailer batean dena nahiko motz geratzen da.
Hau dela eta, eta Holandan duten eredua ezagututa, helburu polita izango litzateke gurera han duten antzeko egoera sustatzea, eta, horrela, Holandan gertatzen den moduan, Haur Hezkuntzatik hasita, musikak, hizkuntzak, matematikak eta gizarteak duten espazioa sexuen hezkuntzak ere edukitzea. Txiki-txikitatik emakumeez, gizonez, gure gorputzez, identitateaz, eta gure arteko harremanez ikasteko eta hausnartzeko aukera izan dezagun.