Albiste ona da sakandar guztiondako Portlandek hondakinak erretzeko zuen baimena iraungitzat jo dela jakitea. Horixe zen 3MB Plataformak, gai honen aurka hamar urte lanean eman ondoren eta gure bailaran eta inguruko eskualdeetan hainbesteko gaitzespena jaso duela kontuan harturik, espero zuen amaiera.
Enpresak bere proiektua gizartearen iritziaren kontra inposatuko ez zuelako hitza eman bazuen, urte hauetan guztietan behin eta berriz argi eta garbi geratu dela uste dugu herritarrek ez dutela inondik ere beren etxe atari aurrean egingo litzatekeen hondakin errausketarik nahi.
Enpresa era guztietara saiatu da bere proiektuak ekarriko lituzkeen onurez gizartea konbentzitzen. Diru ugari xahutu du bere negozio berria saltzeko marketing kanpainak egiten eta ez zaio batere inporta izan bere errausketa proiektua aurrera aterako ez balitz lantegia itxiko litzatekeela mehatxu egin eta beldurra zabaltzea.
Ondo egiten du enpresak herritarren borondatea errespetatzen, eta aurrerantzean sekula berriz ez duela negozioa bere labeetan erretzeko hondakin kudeaketarekin dibertsifikatzeko asmorik izanen espero dugu.
Eta hau esanik, ezingo dugu garaipenik ospatu ez badugu gure Komunitatean hondakin kudeaketatik errausketa/balioztatze energetikoa betirako baztertzen.
Laster hasiko dira berriz Nafarroako hondakin plan berria egiteko lan saioak. Proposatzen den bezala, hiri eta industria hondakinak erraustu ahal izateko prestatu behar badira, hau da, eufemistikoki HEE(Hondakinetatik Eratorritako Erregaiak) deitzen diren gaietan bihurtu, gero zementu-fabriketan edota energia balioztatzeko plantetan erraustuz bukatzeko, berriz ere lehenago edo beranduago, leher egin dezakeen arazo baten aurrean geundeke.