Cederna-Garalurreko zuzendaritza berrituta

Guaixe 2015ko ira. 22a, 18:24
Garalurreko zuzendaritza berritua.

Maite Iturre, Baztango EH Bilduko zinegotzia, da elkartearen presidente berria. Hala erabaki zuen zuzendaritza batzordeak Lekunberrin aurreko ostegunean. Iturrek 32 batzordekideetatik 26ren babesa jaso zuen. Berea izan zen hautagaitza bakarra. Lizoain-Arriasgoitiko alkate Amaia Ekisoain da lehendakariorde berria, antzeko babesarekin. Zuzendaritza Batzordearen idazkaria Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterola da eta diruzaina, berriz, EHNEko Joseba Etxarte.

Lehenengo aldia da Garalurren presidentzia emakume batek duela. Elkarteak azken urtean genero berdintasun plan bat ezarri du, eta, horren baitan, elkartearen estatutuetan bere gobernu-organoetan ordezkaritza parekideagoa izan dadin beharra jaso da. Politika horren ondorioz Zuzendaritza Batzordean emakumeen presentzia nabarmen igo da, aurreko legealdiko %25etik %41,18ra, hala estatutuek agintzen dutena beteaz. Bestalde, gobernu egituren berritzearen ondorioz mendialdeko erakunde sozial eta pribatuen parte hartzeak gora egin du ere.

Asmoak
EH Bildutik jakinarazi dutenez, Cederna-Garalurren funtzionamendua tokiko errealitatera egokitu eta ordezkari zein eragileen parte hartzean sakondu nahi du. Gauza bera gardentasunari eta parte hartzeari dagokionez. Koalizioak aurkeztu duen programa sektore publikoko eta pribatuko ekarpenekin osatu duela adierazi du. Hartan agertzen diren ideietako batzuk dira: tokiko batzorde sektorialak indartzea udalen eta erakunde pribatuen parte hartzearekin; langile berriek bi hizkuntzatan lan egitea bermatu; premiazko lehentasunak identifikatu eta eskualde mailako proiektuak izan; garapen endogenoaren aldeko lehentasunezko proiektuak martxan jartzea; emakumeen ahalduntzea eta parte hartzea; Iparraldearekiko lankidetza, tokiko garapenarendako aukerak zabaltzeko eta prestakuntza hainbat arlotan.