Eman izena Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskolan

Guaixe 2015ko ira. 24a, 11:54

Aurten bi maila eskainiko dira: hastapena eta hobekuntza

Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, laugarrenez Sakanako emakumeendako atletismo eskola antolatu du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Altsasuko Dantzalekuko atletismo pistan. Horretarako Altsasuko Udaleko Emakumearen Bilgunea, Altsasuko Udalaren Kirol Zerbitzua, Iñigo Aritza ikastola eta Dantzaleku Sakana Atletismo taldearen laguntza izan du Mank-ek.

Aurten berrikuntzak daude. Izan ere, bi maila eskainiko dira: hasi berrien maila eta hobekuntzakoa. Ostiraletan gauzatuko da Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskola, Dantzalekun. 17:15etik 18:00etara hasi berriak ariko dira, eta 18:00etatik 19:15era hobekuntza mailakoak. Orain arte Mikel Lakuntza zen irakaslea, baina hemendik aurrera Lakuntzak Aitor Mozoren laguntza izanen du. Klaseak urriaren 16an hasiko dira, maiatzaren 13ra arte.

Emakumeendako atletismo eskolan korrika egiteko teknika eta beste eskainiko dira. Horretaz aparte, eskolarekin emakumeen artean harremana sustatu nahi da, lasterketetara eta beste elkarrekin joateko.

Izena ematea urriaren 2ra arte zabalik
18 urtetik gorako emakumeek eman ahal dute izena, urriaren 2ra arte, Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.com). Prezioa: 50 euro.