Telefono deiak, whatsapp eta telegram mezuak eta bisitak. Halakoak jasotzen aritu dira etengabe azken egunetan AEKren Itsasi euskaltegian. Helduen euskalduntzeko matrikulazio kanpaina despeditzear eta egutegiak eta taldeak ixten aritu dira AEK-ko kideak (ikus beheko taula).
Langintza horrekin batera, Itsasi euskaltegi handitu eta berritua egoki jartzeko lanak izan dituzte irail hasieratik. Guztia behar bezala txukunduta. Ostiralean mustu zuten egoitza berria eta bisitarien oniritzia jaso zuen inbertsioak. Sakanako AEKko Patxi Floresek eman zien ongi etorria ekitaldira hurbildu ziren guztiei. Ibarrean helduen euskalduntze-alfabetatzeak egindako ibilbidearen errepaso arina egin zuen.
Nafarroako AEK-ko arduradun Xabier Gartziak adierazi zuenez, Sakanari zerbitzu emateko eta sakandarrak euskalduntzeko da Itsasi euskaltegia. Gartziak gaineratu zuenez, “AEKren metodoarekin nahi duen guztiak ikasi eta hitz egin dezake euskaraz”. Ikaste prozesu horretan AEK laguntzailea dela, “protagonistak ikasleak baitira”. Euskararen tokia berreskuratzeko deia egin zuen, Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko. Horretarako, euskararen aldeko hizkuntza politikak aldarrikatu zituen Gartziak. Lege babesa, plangintzak, baliabideak eta diskurtsoa beharrezko jo zituen. Halakoak izanez gero “AEK konplize izanen da”, ziurtatu zuen Gartziak.
Jende ugari
Leire Bujanda Morok dantzatutako aurreskuaren eta Olga Martinez Rodriguez ikasleak zinta moztu ondoren, Itsasi euskaltegi berritu eta handitua ezagutzeko aukera izan zen. Ehun bat pertsona izan ziren ekitaldian. Haien artean zeuden, besteak beste, AEKren zuzendaritzako kide guztiak, Euskarabideako buru Mikel Arregi, Kontseiluko Paul Bilbao, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriati, Berria egunkariko Pello Urzelai, Sakanako bertso eskolako Josema Leitza, Bierrik fundazioko Iñaki Mundiñano, EHEko kideak, Iñigo Aritza eta Sagrado Corazoneko ordezkariak, Asun Fernandez de Garaialde parlamentaria, Irañeta, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Altsasuko alkateak eta zinegotziak. Baita ikasle eta irakasle ohi ugari ere.
Altsasuko bertso eskolakoak euskaltegian elkartzen dira eta mustutzean ezin ziren falta. Haietako bi aritu ziren bertsotan. Edor Zubeldia akordeoian lagun zuela Maider Ansak Pirritx eta Porrotxen Egiozu euskaraz kanta abestu zuen. AEK-ko ikasle eta irakasleen oraingo eta garai bateko argazkiez osatutako proiekzioa ere ikusgai izan zen.
Sakanako AEKren eskaintza*
Herria Maila Ordutegia Egunak
Irurtzun A2 9:30etik 11:30era Al-Az
A2 19:00etatik 21:30era Al, Az
B2 15:30etik 17:00etara Al, Ar, Og, Ol
Etxarri A. B1 15:00etatik 16:30era Al, Ar, Og, Ol
Altsasu Hastapena 9:30etik 11:30era Al-Og
Hastapena 19:00etatik 21:00etara Al-Og
A1+ 9:30etik 11:30era Al-Og
A1+ 16:00etatik 18:00etara Al-Og
A2+ 9:30etik 11:30era Al-Og
A2+ 19:00etatik 21:00etara Al-Og
B2 8:30etik 10:30era Al-Og
B2 9:30etik 11:00etara Al-Og
B2 17:00etatik 19:00etara Al-Og
EGA 9:30etik 12:00etara Al, Az,Og
EGA 18:30etik 21:00etara Al, Az, Og
EGA 9:30etik 13:30era Larunbata
* Auto-ikaskuntza eta Mintzakide programa ere bai.