Bizikletarekin Sakanaz gozatu!

Guaixe 2015ko ira. 25a, 14:33

Igandean XXII. Sakanako Bizikleta Egunak Ziordia eta Irurtzun batuko ditu (41,3 km)

Bizikletak puntuan jartzeko ordua da, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak iganderako XXII. Sakanako Bizikleta Eguna antolatu baitu. Horretarako Burunda, Barranka eta Aralar txirrindularitza kluben laguntza eta hainbat entitateren babesa -Irurtzun eta Ziordiko Udalak eta Nafarroako Gobernua- izan du Mank-ek. Ohikoa denez, “Sakana bizikletaz ezagutzen” leloa izango du.

Bizikleta egunarekin hainbat helburu lortu nahi dira. “Eskualdean txirrindularitza bulkatzea, proba ez lehiakor honetan goiz polita pasatzea, Sakanako gure herriak, kaleak, zubiak, ermitak, landaretza, basoak… bizikletaz ezagutzea, eta bide batez, Sakanako herri ezberdinetako eta adin ezberdinetako jendearen arteko harremanak bulkatzea” adierazi zuen aurkezpenean Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak.

Ziorditik Irurtzunera (41,3 km)
Ziorditik abiatuko da martxa, goizeko 9:00etan. Pistetatik ibiliko dira gehienbat, eta Lakuntzan geratuko dira atseden hartzera. “Bokata norberak eraman beharko du eta antolakuntzak freskagarria eskainiko du” gaineratu du Gerrikagoitiak. Hamaiketakoaren ondotik, atzera ere bizikleta hartu eta Irurtzunera abiatuko dira. Hiriberritik Satrustegirantz joko dute, Zuhatzu pasa eta Ekain sartu gabe Etxarrenera heltzeko. Etxarrendik sartuko dira Irurtzunera. Sakanako Bizikleta Egunak 41,3 km izanen ditu.

Parte hartzea librea da eta doan, baina antolakuntzak autobus zerbitzua jartzen du txirrindulariak euren herrietan jaso eta Ziordira eramateko -goizeko 8:00etan aterako da Irurtzundik-, eta proba bukatuta, atzera ere txirrindulariak etxera eramateko. Bizikletak emateko kamioia ere egoten da. Zerbitzu hauek erabiltzeko aurretik izena eman behar zen irailaren 21era arte. Hortaz, hemendik aurrera edonork parte hartu dezake egunean, baina ezingo du autobusa erabili.

Bizikleta puntuan jartzea, inportantea
Bizikleta Egunean parte hartu baino lehen bizikleta puntuan jartzea aholkatu dute antolatzaileek. “Egunean mekanikaria egoten da, baina egunean bertan gertatutako zulaketa edo matxurak konpontzeko, ez bizikletak puntuan jartzeko” nabarmendu dute. Halaber, parte hartzaile guztiek kaskoa eta ogitartekoa eraman beharko dituzte. Antolakuntzak zehaztutako ibilbidea jarraitzeko deia egiten zaie txirrindulari guztiei, “segurtasuna bermatzeko”.

Bukatzeko, Sakanako bizikletaren festan parte hartzera animatu dituzte sakandarrak, “oso egun polita” delako.