Mintzakide, euskara erabiltzeko auzolana

Guaixe 2015ko ira. 25a, 08:16

Euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta ez dutenak elkartzen ditu programak. Bederatzigarren urtez Sakanan izen ematea zabalik dago, 600 482 024 telefonora hots eginez edo Itsasi euskaltegira joz.

Ikasitako euskara praktikatzeko edo herdoildutako euskarari dirdira ateratzeko. Horretarako balio du Mintzakide programak euskara praktikatzeko. Inguruan euskaldunik ez dutelako, lagun arteko joera haustea zaila egiten zaiolako edo lotsagatik dakiten euskara praktikatu gabe gelditzen dira sakandar asko. Horri buelta emateko, Mintzakide programak euskara dakien jendearekin harremanetan jartzen ditu eta lauzpabosteko talde txikitan euskaraz lasai hitz egiteko aukera ematen du. Gainera, nahi den jarduera praktikatuz: kafea edan, paseatu, zinemara joan, mendi buelta egin, familiarekin…  

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak diruz laguntzen du eta Sakanako AEK-k koordinatzen du. Irurtzun, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutiko taldeak aurki hasiko dira. Baina bere herrian taldea sortu nahi duenak izen ematea du, doakoa da. Joan den urtean 62 sakandar aritu ziren programan. Edozein sakandarrek parte hartu dezake. Astean ordu bat, ez da besterik eskatzen.