Udazkenean zuhaitzek hostoak botatzen dituzte eta hor doaz goitik behera. Berdetik gorrixka, laranja, hori-antzatik marroira. Lurrera.
Ondoren iluna dator negua, baina ez gara hara joanen gaur, udazkenean gelditu baizik, eroritako hostoetan. Goitik beherakoan.
Hostoek ongi dakite askatzen adarra eta behera erortzen. Lurrak, modu berean, emeki jasotzen ditu eroritakoak eta ur eta hezetasunaren laguntzaz hildakoa elikaduran eraldatzen.
Ez genuke imajinatuko hosto bat oihuka esanez “ez, ez dut adarretik alde egin nahi, hemen gelditu nahi dut betiko!”. Gorriak bihurrituta, haserreak amorratuta. Edota “ez, mesedez adartxo, ez nazazula bakarrik utzi, zer egingo dut nik han behean zu gabe?” Urdin antza eta dardarka, beldurrak akabatua. Zuhaitzak erantzun, tinko eta ahots sakon batez: “hostotxo, hori da zure egin beharra mundu honetan, zure burua hiltzen utzi ni elikatu nadin eta zure seme-alaba, biloba eta birbilobei bizia eman ahal izateko.”
Hostoen erortze hutsa naturan ikusten hain ohituak gauden honetan, komikoa egiten zaigu (niri behintzat hala egiten zait) pertsonifikazioa.
Goazen ba, gizakiokin egitera parekotasuna.
40 urtetan gurasoen etxean bizitzen jarraitzen dugu; gustura ez gauden harremanetan egoten jarraitzen dugu, nahiz eta jakin aspaldi bukatu zela harremana; gertuko pertsona maitatu bat hiltzean urteak eta urteak ematen ditugu hasperenka eta itzultzeko desio izkutu batean.
Ez naiz kritikatzen ari, jokaera hauek oso ohikoak dira, baita nigan ere, astintzen baizik. Haizeak udazkenean hostoak bultzatu eta erortzen laguntzen dien bezala, gaurko heriotza biharko bizitza delako ustea botatzen ari naiz. Arbasoak gugan bizirik daudela gaur aireatzen, alegia. Honekin ez dut esan nahi mingarria ez denik, negua gogorra da, baina ziur aski arinagoa egingo da naturarengandik eredu hartuta.
Goza dezagun, bada, udazkenaz, hostoak erortzen ikusiz eta biharko onerako izango delakoan egonez!