Euskal Herriko erdigunera martxa antolatu dute lastailaren 11n

Guaixe 2015ko ira. 29a, 09:41

Iratxok, Sakanako Mendizaleak eta Independentistak sareak antolatuta, hiru zutabe aterako dira Irañetatik, Unanutik eta Ollotik. Ondoren bazkaria izanen da Irurtzunen

Irurtzungo Iratxo mendi taldeak, Sakanako mendizaleak eta Independentistak sareak Euskal Herriko erdigunera mendi martxa burutuko dute lastailaren 11n, hurrengo igandean. Martxa hiru toki ezberdinetatik aterako da goizeko 9:00etan: Irañetatik, Ollotik eta Unanutik. Hiru zutabeek bat egingo dute erdigunean –Beriain tontorretik nahiko hurbil, Olibesario saroian– eta ekitaldi bat burutuko da 11:30ean, mugarrian. “Erdigunea Euskal lurraldeen erdigunea da, Euskal Herriaren erdigunea, lurraldetasunaren adierazgarri. Eta zentzu honetan, mendi martxa hau “lurraldetasunaren martxa” da, eta lurraldetasun eguna bilakatzen joango litzateke urtetik urtera: euskal herrialde guztietako jendea, Euskal Herriaren bihotzetik euskal lurralde osoari begira” azaldu zuten antolatzaileek aurkezpenean.

Ondoren bazkaria antolatu dute Irurtzungo karpan. Txartelak www.independentistak.eus web gunean eta 943 561 853 telefonoan eskuratu daitezke.