Bizikletaren festa bikaina

Guaixe 2015ko ira. 29a, 11:00

Igandean ehunka txirrindularik parte hartu zuten Ziordia eta Irurtzun batu zituen 22. Sakanako Bizikleta Egunean

Eguraldi bikaina lagun, beste behin ere arrakastatsua izan zen Mank-ek antolatutako Sakanako Bizikleta Eguna. Aurten 22. edizioa bete zuen probak eta guztia antolatzeko ezinbestekoa izan zen Burunda, Barranka eta Aralar txirrindularitza kluben laguntza.

Txirrindulariak goizeko 9:00etan atera ziren Ziorditik eta 11:00ak pasa zirela Lakuntzan geldialdia egin zuten, atseden hartzeko. Bertan, antolakuntzak freskagarriak banatu zituen txirrindulari guztien artean. Ondoren, atzera ere bizikleta hartu eta Irurtzunerantz jo zuten guztiek, primerako giroan. “Eguraldi bikaina eta giro eta partaidetza oso ona izan dugu ibilbide guztian zehar.  400 partaide inguru izan dira, adin desberdinetakoak, eta nabarmentzekoa da emakumeak ere gero eta gehiago animatzen direla. Ziorditik Irurtzunera, Sakana gurutzatu dugu. Martxa guztian zehar elkarrekin joan gara, aurrean zioan autoa sarritan gelditu da, denok batzeko eta elkarrekin aurrera egiteko, eta oso gustura pasatu dugu” adierazi du Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.



41,3 km eder
Ziorditik Irurtzunera, 41,3 km gurutzatu zituzten 22. Sakanako Bizikleta Egunean parte hartu zutenek, gehienbat pista eta bigarren mailako errepideetatik. Askok ibilbide osoa egin zuten, beste batzuk erdia, beste batzuk kilometro pare bat… bakoitzak ahal zuena, garrantzitsuena parte hartzea baitzen. Bakarka, familiaka, lagun artean, guztia Sakanako paraje ederretatik pasatuz, gure naturaz eta ondareaz gozatuz eta Sakanako adin guztietako jendea ezagutuz.

Ohi denez, aurretik izena eman zutenak autobusez joan ziren Ziordiraino eta Irurtzunen ibilbidea bukatu ondoren atzera ere autobusa hartu zuten etxeraino joateko. Bizikletak kamoi batek eraman zituen. Mekanikaria ere lanean izan zen ibilbidean bizikletetan sortutako matxurak eta arazoak konpontzeko. Beste behin, egun polita izan zen Sakanako Bizikleta Eguna, bizikletaren festa ederra.