Irurtzungo gazte txokoa

Prebentzio programako teknikariak 2015ko urr. 2a, 08:00

Gaurkoan Irurtzungo Gazte Txokoari buruz arituko gara. Gazte Txokoa Irurtzungo udaleko zerbitzuetako bat da eta Irurtzungo eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gestionatzen du.

Gazte Txokoa 12 – 15 urte bitarteko gazteei zuzendutako aisialdi eta denbora libreaz gozatzeko lokala da. Bertan gaztetxoek aisialdiaz gozatzeko aukera desberdinak dituzte:

Joko librea. Lokalean daudela, beraiek erabakitzen dute zertan pasa beren denbora, mahai jokoetara jolasten, ping-pongera jolasten,  ordenagailuetan egoten…

Hezitzaileak, gazteen gustuak kontutan hartuz, antolatzen dituzten ekintzetan aritzen: lehiaketak, zine foruma, eskulan klaseak…

Kanpoko profesionalek aurrera eramaten dituzten tailerretan parte hartzen: sexualitate tailerra, magia tailerra, grafitti tailerra, batukada…

Gazte Txokoaren helburuak aisialdi osasuntsu bat sustatzeaz gain, nerabezaroan eman daitezkeen arrisku desberdinak prebenitzea eta detektatzea dira. Hori dela eta, garrantzitsua ikusten dugu zerbitzu hau gaztetxoen eskura egotea, eremu babestua eta beraiei egokitua delako.

Lokalaren ardura bi hezitzaileek dute. Asteburu bakoitzean hauetako bat egoten da Gazte Txokoaren arduradun bezala, hauen funtzioak gazteak laguntzea eta gidatzea izango direlarik. Aurrera eramango diren ekintza desberdinak dinamizatuko dituzte taldearen erabakiak, beharrak eta motibazioak kontutan hartuta. Gazteen eta hezitzaileen artean adostutako arauak daude lokalaren funtzionamendu egokia sustatzeko.

Lokala egun eta ordu hauetan irekitzen da: asteazkenean 17:00etatik 20:00ak arte, ostiralean 17:00etatik 22:00ak arte, larunbatean 16:00etatik 22:30ak arte eta igandean 16:00etatik 21:00ak arte. Ekainetik urriaren hasierara lokala itxita mantentzen da.  

Aurreko ikasturtean (2014-2015) 100 bat bazkide egon ziren osotara, hauek zonaldeko neska-mutilen portzentaje handia hartzen dutelarik. Neska eta mutilen artean, elkartzeko leku bezala, oso baloratua den zerbitzua da. Aldi berean hezitzaileentzat oso baliagarria da beraiengana gerturatzen eta hauen beharrak ikusten laguntzen dielako.  

Irurtzungo Gazte Txokoak urriaren 9an irekiko ditu bere ateak. Gazteak parte hartzera animatzen ditugu. Gurasoak Irurtzungo Eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzura hurbil daitezke informatzeko eta beraien zalantzak argitzeko.