D eredua puntu erdi hazi da

Guaixe 2015ko urr. 2a, 08:21
Gurasoak eta haurrak Irurtzungo eskolatik etxerako bidean.

Sakanako ikasleen %81,4 D ereduan ikasten ari dira (euskaraz, gaztelania ikasgaia). A ereduan (gaztelaniaz eta euskara ikasgaia) %14,6an eta B ereduan %4 ari dira (ikasgai batzuk euskaraz, besteak gaztelaniaz). Hezkuntza eta soziolinguistikako adituek behin baino gehiagotan nabarmendu dute azken bi ereduek ez dutela euskara ikastea bermatzen.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak jakinarazi duenez, hiru hezkuntza zikloetan ikasleen %80, edo gehiago, ikasketak euskaraz egiten ari da. Estreinako aldia da hori gertatzen dena, 1997-1998 ikasturtean datuak jasotzen hasi zenetik. Ikasturte berriko datuei erreparatuz gero, puntu erdia galdu arren Sakanan A eredua desagertzeko joera argirik ez dago. Eredu horrek galtzen dituen ikasleak euskarazko ereduak jasotzen ditu, urtetik urtera apur bat gora eginez (9 urtetan 6,5 puntu igo ditu). Aurreko bi ikasturteetako ikasle kopuruan, %4,  mantentzen da B eredua.

Zikloka
Haur Hezkuntzako (HH) ikasturtea 669 ume hasi dute, aurrekoan baino 26 gutxiago. Hezkuntza ereduei dagokionez, D ereduan ikasten ari dira %85,6 (573 ikasle, aurreko ikasturtean baino %1,4 gehiago eta 12 ikasle gutxiago). Aurreko urtean hartutako gorako joerari eutsi dio euskarazko hezkuntzak. HHn B ereduan ikasleen %6 daude matrikulatuta (40 ikasle, %0,1 gehiago eta ikasle bat gutxiago). A eredua estreinakoz %9tik behera dago Haur Hezkuntzan, %8,4 (56 ikasle, %1,5 eta 13 ikasle gutxiago).

Zortzigarren urtez gora egin du D ereduak Lehen Hezkuntzan (LH). Euskaraz %81,2 ari da ikasten (1101 ikasle, %0,3 puntu eta 32 ikasle gehiago). B ereduan pasa den ikasturteko kopuru bera ari da ikasten, %5,2 (71 ikasle, 2 gehiago). Gaztelaniazko A ereduak ikasleen %13,6 du (184 ikasle, %0,3 puntuko jaitsiera eta ikasle kopuru bera).

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan D ereduak 11. urtez gora egin du eta, estreinakoz, 5 ikasletik 4 euskaraz ari dira ikasten. D ereduak ikasleen %81,9 ditu (717 ikasle, %3 puntu eta 150 ikasle gehiago). A ereduan, berriz, %19,1 ari da (159 ikasle, %3 eta 2 ikasle gutxiago).

Bestalde, Batxilergoan 162 ikasle daude. Haietatik 131 D ereduan ikasten ari da (% 80,86). A ereduan, berriz, 31 (% 19,13). Lanbide Heziketan ikasketak gaztelaniaz egiten dituzte (G eredua). 84 ikasle daude gaur egun, baina ziklo bateko bi kurtsoetarako matrikula epea zabaltzeko dago oraindik.

Guztira
Euskara Zerbitzuak jasotako matrikulazio datuen arabera, Sakanan 2.742 ikasle ari dira Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan; aurreko urtean baino 17 gehiago. D ereduan ari dira ikasleen %81,4 (2.232 ikasle, %0,5 eta 11 ikasle gehiago). B ereduak %4ko ikasleriari eutsi dio (111 ikasle, 1 gehiago). Estreinakoz, A ereduan dauden ikasleak 400 baino gutxiago dira eta %15etik behera daude; %14,6 (399 ikasle, %0,5 eta 15 ikasle gutxiago).