Hostoak erortzen hasi aurretik, pozteko moduko albistea irakurri dugu gure herriko hormetako karteletan: “Sortuko al dugu gaztetxoko bat?”. “Padres de familian” –antza, orduan ez zen amarik familiatan– eta iganderoko bostetako zine saioetan gure aisialdia igarotzen genuen belaunaldikoa naiz. Geroz, bata zein bestea desagertu eta denbora-pasarako irtenbide gutxiagorekin gelditu ziren gaztetxoenak.
Era horretako baliabideen premia zegoela esanez urteak eman ditugu. Hala eta guztiz ere, makina bat belaunaldi ibili da patioetan, pilotalekuan, karriketan eta kosketan pepitak eta litxarreriak janez denbora-pasa ezin pasa; tabernetan, gaztetxean edo piperoetan sartzeko adina noiz iritsiko zain.
Egitasmo honekin 12-15 urte bitarteko gazteak daude jomugan eta polita izango da beren garapenen integralerako txokoa izatea eta kudeatzea, jubilatuek egiten duten moduan. “Helduen” mundutik eskainitako laguntza izanen dute, baina, haiek ere beren alea jarri beharko dute, hartu-eman eta elkarlan jokoan. Musu-truk ez dute asko izanen.
Neska-mutikoek “sortu” beharko dute gustura egoteko aterpea eta biltokia. Erronka polita dute aurrean. Nork bere ideiak bota, interesak azaldu, bestearenarekin adostu, guzti-guztien artean erabaki eta aurrekontuaren arabera ekintzak antolatu. Egin dezatela jolas “heltzeko” bidean sortzen den amorrua-poza, arrakasta-porrota eta eskubide-erantzukizunaren arteko lehiarekin. Utz diezaiegun esperimentatzen!!! Izango dute zer esan eta zer egin beren txokoan.