Gaztetan, hamabost edo hamasei urterekin, Etxeberrira joaten ginen gure eskolako apaizarekin. Herriko apez-etxean bertan gaua pasatzen genuen, hurrengo egunean Aralar osoa zeharkatzeko asmoz. Gaua baino lehen apez-etxe ondoko etxe batera joaten ginen behiak nola jezten zituzten ikustera. Hango gizonak botila batzuk esnez betetzen zizkigun eta etxera joaten ginen poz-pozik, benetako esnea edatera. Orain, herri horretan esnea tetra-bricketan saltzen dute eta Euskal Herriaren bihotzean dauden arren, marka izen arrotza darabilte. O tempora! O mores!
Garai haietan, halere, euskara gutxitan entzuteko aukera nuen. Ama joana zitzaidan eta Altsasura ia ez nintzen jada hurbiltzen. Iraganak ziren ume garaiko egun distiratsu haiek. Urtero-urtero joaten ginen herrira uda garaian eta Urbasara igotzen ginen, edo Basomuturren ematen genuen eguna, edo, jaia zelarik, San Pedrora hurbiltzen ginen ilusioz beterik. Orduan bai, orduan euskaraz aritzen zen nire ama. Apeadero auzoko bankuetan eserita eta eguzkitan zeuden azken euskaldun-zaharrekin, bera ere Altsasuko azken euskaldun-zaharretarikoa izanik, niretzat oso gaztea zela iruditzen zitzaidan arren, alegia, polita, eta inolaz ere zaharra.
Txango ederra bezain gogorra zen Aralarren zehar egiten genuen hura. Goizean goiz Nafarroatik abiatu eta iluntzean Gipuzkoako helmugara iristen ginen: gure eskolako apaizek Orendainen zeukaten apez-etxera. Izan ere, apez-etxez apez-etxe ibiltzen ginen denbora hartan eta, agian horregatik, immunizatuta nago gaur egun, apaiz baten bat biziki estimatzen dudan arren; adibidez, Guardetxez haratago gurekin batera txangoa egiten zuena. Izan ere, Madozera iristean berak bilatu eta aurkitu behar zuen bidea Ata ibarreko harriraino, Errolan harriraino, ailegatu ahal izateko. Berak motxilarik handiena eramaten zuen Amezketaraino eta gu bere inguruan mugitzen ginen tximeletak bezala. Benetan maite genuen apaiz mendizale eta euskaltzale hura.
Ama hil zenean, nire bigarren ama aldameneko Manolita andrea izan zen, Etxarriarra, bihotz onekoa eta hau ere euskaltzale sutsua. Harena bai zela hizkera ederra eta garbia! Bakarrik nengoenean, bere etxera pasatzen nintzen eta bere ahotik gure euskara entzuten nuen, amak erabiltzen zuen berbera. Manolita ere maite nuen, apaiza baino gehiago, ama zena baino gutxiago... edo nik zer dakit ba! Baina, aitortuko dut oraindik ideia oker bat nuela garai hartan buruan... ama, Manolita... euskara helduen gauza zela, amarekin gertatu bezala, helduekin batera euskara bera ere hilko zela.
Horregatik Txindokitik jaistean eta Abaltzisketako plazan haurrak euskaraz jolasten ari zirela entzun nuenean guztiz oker nengoela ulertu nuen berehala.