Euskal Herriko erdigunera martxa antolatu dute igandean

Guaixe 2015ko urr. 10a, 12:32

Iratxok, Sakanako Mendizaleak eta Independentistak sareak antolatuta, hiru zutabe aterako dira eta hirurek bat egingo dute erdigunean

Irurtzungo Iratxo mendi taldeak, Sakanako mendizaleak eta Independentistak sareak Euskal Herriko erdigunera mendi martxa burutuko dute urriaren 11n, igandean. Martxa hiru toki ezberdinetatik aterako da goizeko 9:00etan: Irañetatik, Ollotik eta Unanutik. Hiru zutabeek bat egingo dute erdigunean eta ekitaldi bat burutuko da 11:30ean, mugarrian.

2011ko urriaren 30ean beste martxa bat egin zen Euskal Herriko erdigunera, Sakanako mendi taldeek eta Independentistak sareak antolatuta. Arrakastatsua izan zen eta aurten berreskuratzea erabaki dute. “Gure mendi tontorrak euskal herritarren aldarrikapenen lekuko izan dira. Mendizaletasuna beti egon da euskal nortasunari, askatasunari, naturari eta herri aldarrikapenei lotuta. Mendiak gure herriaren historiaren lekuko erraldoi isilak dira. Mendi tontorretatik jabetzen gara ama lurraren handitasunaz eta gure lurrarekiko loturaz. Erdigunea Euskal lurraldeen erdigunea da, Euskal Herriaren erdigunea, lurraldetasunaren adierazgarri. Eta zentzu honetan, mendi martxa hau “lurraldetasunaren martxa” da, eta lurraldetasun eguna bilakatzen joango litzateke urtetik urtera: euskal herrialde guztietako jendea, Euskal Herriaren bihotzetik euskal lurralde osoari begira” azaldu zuten antolatzaileek aurkezpenean. Aurrerantzean martxa urtero egiteko erronka bere gain hartu dutela nabarmendu zuten. “Datozen urteetan Euskal Herriko mendi taldeen egutegietan data finko batekin mendi martxa hau kokatzen ahaleginduko gara” gaineratu zuten.

Euskal Herriko erdigune geografikoa
Euskal Herriko erdigune geografikoa 2004an finkatu zuen Félix Isasak. Euskal Herria bere osotasunean kontutan hartuta burutu zuen azterlanaren emaitza izan zen. Andia mendilerroan kokatuta dago, Beriain mendi tontorretik nahiko hurbil, Olibesario sakonune edo saroian, 1236 metroko altueran. Leku izugarri ederra da eta mugarria jaso zen.

Egitaraua
9:00etan Hiru zutabeen irteera Irañetatik, Unanutik eta Ollotik.
11:00etan Erdiguneko mugarrira iritsi.
11:30ean Ekitaldia: Musika, kantua, ordezkari ezberdinen hitza-hartzeak…
12:00etan Itzulera, zutabe bakoitza bere ibilbidetik.
14:00etan Irteera tokietara berriro iritsi.
15:00etan Bazkaria Irurtzunen (Txartelak www.independentistak.eus webgunen eta 943 561 853 telefonoan).