Birziklatzeko laguntza telefono mugikorrean

Guaixe 2015ko urr. 8a, 14:52

Nafarroako Gobernuak sakelako telefonoendako ReciclApp-Birziklapp aplikazioa garatu du. Mank-ek bat egin du eta aplikazioaren berri emanez QR-ak jarriko ditu ibarrean barna.

Etxean sortutako hondakinak non utzi behar diren zalantza duzu?  Hondakinak jaso ondoren nola birziklatzen diren jakin nahi? Zure gailu mugikorrean ReciclApp-Birziklapp aplikazioa deskargatu eta argibide guztiak eskura izanen dituzu. Nafarroako Gobernuak mankomunitateekin batera garatu du aplikazioa eta bere helburua herritarren zalantzak argitzea eta birziklatzeari buruzko informazioa zabaltzea da.

Bere gailura aplikazioa deskargatzen duenak dagokion mankomunitatea eta herria aukeratu beharko du lehenik. Behin sartuta, hondakin bakoitza nola kudeatu behar duen jakinen du. Baita garbiguneak , auzo-konpostagailuak edo edukiontzi bereziak (arropa, olioa…) non dauden ere. Aplikazioak tamaina handiko hondakinak nola jasotzen diren ere argitzen du, baita Mankomunitateari buruzko informazioa eman ere.

Zabalkundea
www.sakana-mank.eus web orriaren bidez deskargatu daiteke. Mank-ek aurki QR kodea duten euskarriak zabalduko ditu Sakanan barna. Hari telefono mugikorrarekin argazkia eginda deskargatu daiteke aplikazioa. Aurretik Mank-ek antzeko informazioa ematen zuen aplikazioa izan zuen.