Herriak libre aldarrikatzera

Guaixe 2015ko urr. 8a, 15:00
Defentsaren interbentzioko une bat.

Astelehenean, 12:00etan, Iruñeko Antoniuttitik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Herriak libre dinamikak Askapenako bost kideren kontra Espainiako auzitegi nazionalean eginen den epaiketa salatu nahi du. Astelehenerako manifestazioa deitu du Iruñean eta horrekin batera, Espainiako estatuaren kontra Euskal Herrian eta munduan barna egin diren herri epaiketetako epaiak batean bilduko dira.

Epaiketa horietako bat Altsasun egin zen ostiralean. Lekukoen aulkian gazte torturatu eta espetxeratu bat eta Hego Amerikako jatorrizko herrietako ordezkari bat zeuden, besteak beste. Akusatuen aulkian, berriz, ekonomia, politika, eliza eta hedabideetako ordezkariak. Akusazioak eta defentsak aurkeztutako proben ondoren espainiar estatua errudun jo zuen epaileak: "Abya Yala-n mendeetan egindako sarraskiengatik, OTANeko kide izan eta inperialismoa yankiaren interesak babesteagatik, Sahararen ukazio eta zapalketen konplize izateagatik eta estaturik gabeko nazioen espetxe izateagatik".