ELAk CCOO liberatu sindikalaren soldataren inguruko salaketa egin du

Guaixe 2015ko urr. 8a, 17:07

Ibarreko CCOOko ordezkariak Nafarroako aurrekontuetatik kobratu duela salatu du ELAk eta halakorik egin izana ukatu du CCOOk.

ELA sindikatuak azaldu duenez, “UGTko eta CCOOko zenbait arduradunek haien soldata Nafarroako aurrekontuetatik jasotzen dute zuzenean”. ELAren arabera Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NEZ) “ustez enplegu heziketara zuzenduriko zenbait hitzarmen UGTk eta CCOOk euren liberatu sindikalen soldatak ordaintzeko erabili dira zuzenean”. Aldeen artean sinatutako lau hitzarmenetan UGTko eta CCOOko zenbait liberatu sindikalen zerrenda agertzen da “eta euren soldataren portzentaje bat Nafarroako aurrekontuetatik zuzenean ordaintzen dela egiaztatu daiteke”. ELAk azaldu duenez, CCOOko Sakanaren arduraduna agertzen da zerrenda horretan eta aurrekontuetatik “portzentaje txikiagoa” jaso zuela adierazi du. ELAk egun dagoen eredua eraistea beharrezkotzat jo du.

CCOOk ELAk egindako salaketak ukatu egin ditu: “egiazkotasunik ez dute eta ELAk NEZen eta harekin ari garen sindikatuen aurka duen kanpainaren beste atal bat besterik ez da”. CCOOtik azaldu dutenez, “programa finalistetarako kontratatutako pertsonak tekniko profesionalak dira, hitzarmenak markatutako arloan aritzen direnak. Interes orokorreko jarduna da haiena, Nafarroako herritar guztiei zuzendutakoa”. Sindikatuak gogorarazi du programa finalista guztiak NEZek fiskalizatzen dituela eta estatuak egindako ebaluazioek programen emaitza onak nabarmendu dituztela gaztigatu du. CCOOk ELAri zuzenketa eskatu dio.